Hondarribiko EH Bildu Herri Programa

imagen

Hondarribiko EH Bildu.- Hondarribiak aldaketa behar du. Urteetako kudeaketa exkaxak arazo asko azaleratu ditu. EH Bildu da behar horiek konpontzeko gai den talde politiko bakarra, ideiak eta lehentasunak argi ditugulako, eta udal askotan dagoeneko egiten ari garelako.

Alardearen pribatizazioa, kotxean oinarritutako mugikortasuna, etxegintza eredu elitista, euskararen gainbehera, kontrolik gabeko turismoa, arrantza eta bertako ekonomia zaurgarriak... Arazoak pilatzen ari dira gure herrian. Behar guzti horiei erantzuteko proposamen eraikitzaileak ditugu eta argi zer nahi dugun: XXI. mendeko udala nahi dugu, Hondarrribia berdea, Herritar guztiak berdinak, Herri bizia eta bertan bizitzekoa eta noski, Herri euskalduna.

Amesten dugun Hondarribia lortzeko, udalaz haratago lan egin behar da. EH Bilduk, Euskal Herriko talde politikoa izanik, esparru politiko guztietan Hondarribiaren alde lan egiteko konpromezua hartuta du.

Herritarrentzako sei egitasmo zehatz

1. Mugikortasunaren kudeaketa berde eta integrala

Hondarribia funtzionala, berdea eta erosoa izateko Damarriko Mugikortasun Gunea behar dugu: bidegorri sarearekin konektatuta; bizikletentzako aparkaleku seguruarekin; Irun, Donostia eta Baionako autobus zerbitzuekin; hiriko autobusarekin konektatua; behealdean aparkalekuekin eta on-line eskaerak jasotzeko puntuarekin.

Gehiago: Amutaldeko disuasio aparkalekua eraikiko dugu; bidegorria Iruneraino eramango dugu; Bentako aparkalekua doanik jarriko dugu herritarrentzat anbulatorio orduan; Hondarribia — Hendaia itsasontzia MUGI sisteman sartuko dugu; auzoetan mugikortasun zerbitzuak eskainiko ditugu eta Bidasoako txirrinda publikoko zerbitzua eskainiko dugu.

2. Etxegintza eredu jasangarria eta soziala bultzatuko dugu

Herriko gazteei hemen bizitzeko aukera emango diegu bi tresnen bidez: etxe hutsen errolda eginez eta zahartuta dauden etxebizitzak udalak birgaituz. Modu honetan Etxebizitza Parkea sortuko dugu eta hauen alokairu soziala bultzatu. Birgaitzeko etxebizitzetan lehentasuna Alde Zaharreko etxebizitzek izango dute. Baserriak ere kontutan izango ditugu. Irisgarriak ez diren etxeak, gazteen eskura jarriko ditugu.

Etxebizitza turistikoen inguruko azterketa egin eta hauen moratoria bultzatuko dugu herrian, eta herria eremu tentsionatu izendatuko dugu.

Etxebizitza eraikin berrietan, lehentasuna belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioen proiektuek izango dute.

3. Berdintasun Saila eta teknikaria

Azken urteetako gure eskaera nagusienetako bat errealitate bihurtuko dugu. Udalak behar duen Berdintasun Saila sortu eta alor honetan lan egingo duen teknikaria kontratuko ditugu. Berdintasunaren hiri izateko bidea zabalduko dugu.

4. Zaintza integral eta komunitarioa

Diagnostiko osoa egin eta Plan Estrategikoa gauzatuko dugu, non zaintza behar ezberdinak jasotzen diren, zaintza publikoa, komunitarioa eta kolektiboa izan dadin, eta ez pribatua. Zaintza prebentiboa eta kontsultakoa lehenetsiz.

5. Arrantza egungo erronketara egokituko dugu

Arrantza, ekonomia iturri bihurtuko dugu. Antxoa eta atuna kontserbatzeko km0O-ko fabrika sortuko dugu (turismo kulturala eta bertako komertzializazioa). Baita ere, ontziak erregai alternatiboetara bideratzeko industria sortuko dugu.

6. Euskararen erabilera berreskuratzeko tresnak

Euskarazko aisialdi ekintzak eta kultur programa propioa sustatuko ditugu. Baita ere UEMAn sartzeko prozesua martxan jarri; Euskara Saila indartu hizkuntza normalizaziorako arloa sortuz eta Euskararen ordenantza berria egingo dugu.

“Aldaketa ilusiotik” da gure leloa Maite Dugun Hondarribia eraikitzeko

Kanpainari dagokionez, kanpainari hasiera emango diogu maiatzaren 13an, larunbat goizez, Gibeletan hasi eta Porturaino egingo dugun bizikleta martxarekin. Herriko ekitaldi nagusia maiatzaren 25ean, ostegunarekin, egingo dugu arratsaldeko 19'D0etan San Pedro Kalean. Bitartean, auzoz auzo herrian zehar gure Herri Programaren edukinak zabalduko ditugu.

Etiquetas: