Irungo EH Bilduk uste du Erabilera Anitzeko Pabiloiak bi erronka nagusi jarri dituela mahai gainean

Infografía

Irungo EH Bildu.- 2022.urtean Irungo EH Bilduk Erabilera Anitzeko Pabiloi bat eraikitzea proposatu zuen Irunek kirol azpiegituretan duen eskaintza eskasiari erantzun bat emateko.

Alderdiaren proposamenaren helburua Irunen kirolaren praktika desberdinetarako zein Kultur ekimenetarako espazio estali berri bat izatea zen. Azken egunotan aditzera eman denez, Gipuzkoako Aldundiaren aurrekontuetan 14 miloi euro bideratuko dira eraikin hau egiteko.

EH Bildurentzako berri pozgarri baten aurrean gauden arren, alderdiak bi erronka nagusi aurreikusten ditu; Bidasoa Eskubaloi Taldearenak ez ezik, Irungo kirol klub eta herritarren beharrak asebetetzea, batetik, eta planteatutako kokalekuari erreparatuz, Irunen sortu daitezkeen trafiko arazoel irtenbide integral bat ematea, bestetik.

Lehen erronkari dagokionez, ezinbestekoa ikusten dute Irungo Udaletik epe luzeko ikuspegi batetik kirolari bideratutako espazioaren antolaketari behingoz esku hartzea.

Horretarako urtez urteko plangintza bat eskatu diote udal gobernuari, lehentasunak jarri eta horiek gauzatzen hasteko. Bidebatez, prozesu horretan aurrerapausoak ematerakoan, ezinbestekotzat hartzen dute Irungo kirol klub eta eragileen parte hartzea ahalbidetzea.

EH Bilduk azpimarratutako bigarren erronka, pabiloiak eskualdeko mugikortasunean eragingo dituen trafiko arazoei aurre hartzea izango da. Aditzera eman dutenez, garraio publikoaren indartzea, funtsezkoa izateaz gain, ez da nahikoa izango trafiko arazoak ekiditeko. Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparralde lotzen dituen i¡garobideari 10.000 pertsonentzako ahalmena duen eraikin bat gehituko zaiola azpimarratu nahi izan dute.

Horren aurrean, pabiloiaren eraikitzearekin batera GI-636 errepidea bikoizteko aukerak aztertzea proposatu dute.

Oihana Briones bozeramailearen hitzetan, "Ficoba inguruan trafiko handia dugu gaur egun; izan irundik barrena ibiltzen diren ibilgailuak, izan beste leku batzuetara iristeko Irundik pasatzen direnak. Denak barianteko errepidetik igarotzen dira eta horrek eskualde honetako bizilagunon egunerokotasuna zailtzen du. Guk hori aldatu nahi dugu.Eskualdean egiten diren bidaiak garraio publikoaren bidez egiteko zerbitzuen berrantolaketa bat egitea ezinbestekoa izateaz gain, errepideetan ere aldaketak egin behar direla uste dugu. Baina hori Irundik bakarrik ezin dugu egin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku hartzea behar dugu, eta horretarako Gobernuan dauden alderdiek Irunen aldeko apustu garbia egin behar dute."

Etiquetas: