Etxebizitza eta alokairuak mugatzeko premia, berriro ere, Irungo EH Bilduren lehentasunen artean

Argazkia etxebizitza

Irungo EH Bildu.- Jakin dugu Irunek hiri tensionatu izendatzeko legezko baldintzak betetzen dituela. Aurreko uztailean udalbatzak mozio bidez hiria gune tensionatu izendatzeko eskaera egin zuen, baina orain, Eusko Jaurlaritzari dokumentazioa igorri eta Udaletxeek eskaera hori modu formalean berretsi behar dute. EH Bilduk gaur bertan tramitazio hori egitea eskatu dio Udal Gobernuari, Irunen etxebizitzaren arazoari aurre egitea premiazkoa dela aldarrikatuz.

Irungo EH Bilduk adierazi duenez, azken urteetan bezala, etxebizitza eskubidea bermatzea lehentasun bat da taldearentzat, eta horregatik 2024. urteko aurrekontu proiektuari begira etxebizitzari lotutako proposamen desberdinak aurkeztu dituzte.

Oihana Briones bozeramaileak honakoa adierazi du. "Etxebizitza oinarrizko eskubide bat izan arren, urteetako etxebizitza politikaren ondorioak pairatzen ditugu gaur egun, eta eskubide hau ez dago inondik inora bermatua. Familiek alokairua edo hipoteka ordaintzeko gero eta arazo gehiago dituzte, eta gazteak ezin dira gurasoen etxetik emantzipatu. EH Bilduk esan zuen bezala, Etxebizitza Legeak aukera berriak ireki ditu eta udalei baliabide berriak eman dizkie. Guretzako arazo honi aurre egitea lehentasun bat da eta horregatik neurri desberdinak proposatu ditugu”.

Hauek dira aurrekontuei begira EH Bilduk etxebizitzaren gainean egindako proposamenak.

  • Irungo etxebizitza hutsen azterlana, etxebizitza horiek herritarren esku jartzeko neurriak martxan jarri ahal izateko.
  • Hiri tensionatuaren izendapena egiteko aurrera eraman behar den azterlana.
  • Gazteei bideratutako alokairurako diru-laguntza lerroa. Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako diru laguntzen irizpideak betetzeko zailtasunak ikusita, udalak ere helburu hori duen diru laguntza lerro bat aurreikustea eskatu dute.

Etiquetas: