Osasun-azpiegituren plan baten beharrari buruzko Osasun-Bidasoa Plataformaren komunikatua

imagen

Osasun Bidasoako Herri Plataforma.- Bidasoako eta Bortzirietako eskualdeetako 40 erakunde biltzen dituen Osasun Bidasoa Herritarren Plataformatik adierazi nahi dugu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari Bidasoako eskualdeko ospitalean zein Irungo anbulatorioetan kalitatezko osasun-arreta emateko leku arazo handiak direla. Hori dela eta Plataformak Osasun Azpiegituren Plan bat eskatzen du egungo espazio-arazo larriak konpontzeko eta herritarren etorkizuneko beharrak aintzat hartzeko.

Etorkizuneko planak barne hartu beharko lituzke Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko aurreikusitako obrak (herritarrei arreta emateko guneak handitu beharko lituzkeenak), Irungo hirugarren anbulatorioa Oinaurren eraikitzeko proiektua desblokeatzea eta Irun Erdialdeko eta Dunboako egungo anbulatorioak berritzea.

Jarduera kirurgikoa Donostiako Onkologikoaren instalazioetara eramateko aukera baztertu ondoren, Bidasoako ospitaleko bloke kirurgikoa handitzeko eta berritzeko aurreikusitako obrei dagokienez, errefusatzen dugu gaur egun kontuan hartzen ari den aukera.

Agustin Agirre jaunak ospitaleko kirurgia-buruei helarazitako informazioa, beraiekin adostu gabea, hauxe izan da: gaur egun bigarren solairuan dauden zerbitzuak (duela 10 urte berrituak eta egoera onean direnak) barrakoi prefabrikatuetara eramango dira. Solairu horretako instalazioak eraitsiko dira eta bloke kirurgiko berria eraiki egingo da. Lehen fase hori amaitutakoan, egungo kirurgia-gunea eraitsiko da, bigarren solairuan zeuden zerbitzuak bertan birkokatzeko. Gure ustez, aukera horrek kalte larriak eragin ditzake (zaratak eta zikinkeria) martxan dagoen ospitaleko ingresatutako pazienteengan, haien laguntzaileengan eta osasun langileengan. Gainera, obra hauek guztiek ez dute lortuko ospitalearen azalera erabilgarria handitzea, nahiz eta espazio-defizit handiak izanik gaur egun (ez dago ekitaldi-areto edo prestakuntza-aretorik, ospitaleratze-eremuetan kontsultak jarri behar izan dira, etab.).

Plataformak, duela urtebete baino gehiagotik, eraikin erantsi bat eraikitzea proposatzen du, egungo instalazioekin komunikatuta; izan ere, ospitalearen martxa onari gutxien eragingo liokeen aukera dela uste dugu, obren ondoriozko eragozpenak ahalik eta gehien murriztuz eta hain beharrezkoa den espazioa handitzea lortuz. Aguirre jaunak, egin genituen bi bileretan, uko egin zion une oro gure proposamenari buruz hitz egiteari, eta baztertu egin zuen, plataformako kideei eta kirurgia-buruei entzun gabe.

Irungo lehen arretako kontsulta-guneen defizit larriari dagokionez, gogoratu nahi dugu Irungo Udalak 2015etik erreserbatuta daukala orube bat Oinaurren, Osakidetzak proposatua, hirugarren anbulatorio bat egiteko. Izan ere, garai hartan jada aurreikusten ziren lehen arretak eskualdean izango zituen espazio-gabeziak. Errealitateak erakutsi du hirugarren anbulatorioaren beharra gero eta premiazkoagoa dela: espazio faltagatik pazienteak barrakoietan artatu behar izatea, medikuek eta erizainek beren pazienteak behar bezala eta aurrez aurre artatzeko lekurik ez izatea, espezialitate mediko batzuetarako lekurik ez izatea, eta abar. Beraz, berriro eskatzen dugu Oinaurren osasun-zentro berri bat eraikitzeko proiektuari ahalik eta lasterren ekitea.

Daukagun informazioaren arabera, joan den ekitaldiko aurrekontuetan (2022) partida bat zegoen proiektuaren lizitaziorako gordeta. Nahiz eta osasun-zentro hau duela 20 urte baino gehiagotik aurreikusita egon, Agirre jaunak, azaroan egindako elkarrizketan, ukatu egin zuen aukera hori, eta erabat baztertu zuen Oinaurren osasun-zentro bat eraikitzea.

Urte amaieran, Sagardui andreak bilera bat izan zuen Irungo alkatetzarekin. Bileran esan zuen ez zuela beharrezko ikusten Oinaurren hirugarren anbulatorioa eraikitzea, eta atzera egin zuela proiektu horretan. Horrela, arazoa oso premiazkoa izan arren , aurrekontu-partidarik gabe utzi zuen Oinaurre baina baita epe laburreko beste edozein aukera ere. Handik gutxira, Irungo EAJ-PNVk publizitate-kanpaina bat abiarazi zuen etorkizuneko Irungo Trenbideetako gune handi berri bati buruz. Proposamen hori aztertuta, uste dugu ez dela inolako irtenbiderik epe labur edo ertainean. Izan ere, 10 urte barru inauguratu ahal izango litzateke kasurik onenean, urbanizatu gabeko eremua delako eta egungo hiri-antolamenduko planean ez dagoelako aurreikusita bertan osasun-zentro bat eraikitzea.

Azaldutako guztiagatik, Osasun Azpiegituren Plana lehenbailehen egitea eskatzen dugu, epe laburrean Bidasoa Ospitalean eraikin erantsi bat egiteko eta Oinaurreko osasun-zentroa eraikitzeko. Epe ertain eta luzerako Irun Erdiguneko eta Dunboako egungo anbulatorioak berritzea proposatzen dugu, Irun Erdialdeko egungo anbulatorioa Irungo Trenbide inguruan epe luzera birkokatzea baztertu gabe.

Bidasoa eta Bortziriak eskualdeetako herritarrok ezin dugu denbora gehiagoz onartu egunez egun okertzen ari den osasun egoera leku faltagatik, osasun arloko profesionalen urritasunagatik eta itxaron-zerrendak onartezinengatik. Herritarren eta inplikatutako profesionalen parte-hartzearekin berehalako irtenbide planifikatuak eskatzen ditugu.

GURE OSASUNAREN ALDE: ZABALDU, BERRITU, HOBETU.

Etiquetas: