Irungo EH Bilduk irungo herriari

imagen

Irungo EH Bildu.- Udalbatza berria osatuta, larunbatean hasiera eman zitzaion legegintzaldi berriari eta Irungo EH Bildun aukera baliatu nahi dugu irundarren babesa eskertzeko. Izan ere, gure herrian parte hartzeak nabarmenki behera egin zuen arren, gure taldeak orain dela lau urte baino boto gehiago jaso zituen, eta zinegotzi kopuruan ere gora egin dugu.

Esaten duguna egin eta egiten duguna esaten dugu. Hauteskunde kanpainan zehar maite genuen hiria egiteko proiektua genuela esan genuen, Irunek aurrean dituen erronkei erantzun bat emateko prest ginela eta herritarren bizitzak errazteko politikak egiteko helburua genuela. Horregatik, eta gure hitza betetzeko asmoz, aurreko larunbatean Irungo alkatetzarako gure hautagaitza aurkeztu genuen. Irungo Sozialisten eta EH Bilduren alkategaiek soilik aurkeztu zuten euren burua. Azken hilabeteetako adierazpenetan euren burua alternatiba bakar gisa irudikatu nahi izan duten arren, beste behin, hirugarrenez, Irungo EAJ-k ez du alkatetzarako hautagaitzarik aurkeztu. Gauzak horrela, Jose Antonio Santanok 10 boto jaso zituen eta Oihana Brionesek 6. EAJk eta PPk zuri bozkatu zuten. Zentzu honetan, Elkarrekin Podemos- Ezker Anitza taldeko zinegotziei eskerrak eman nahi dizkiegu Oihana Brionesi botoa emateagatik. Gure taldeak eskua luzatua du taldeen arteko elkarlanaren bitartez gizarte justuago baten aldeko politikak bultzatzeko.

EH Bilduren proiektu eta proposamenak bermea dira Irunentzat. Hori erakutsi dugu orain arte, eta erakusten jarraituko dugu erantzuna behar duten gizarte erronka garrantzitsuen aurrean. EH Bildutik herritarren bizitzak hobetzen dituzten akordioak sinatu ditugu eta herritarrek emandako indarra baliatuz, adostasunak bilatzen jarraituko dugu datozen lau urteetan.

Maiatzaren 28an egin genuen eta hurrengoetan berriro egingo dugu! 4057 esker!

Etiquetas: