EGUZKI Bidasoaldea.- Berriro ere, harritu gabe, prentsaren bidez jakin dugu, Txingudiko naturguneen konektibitatea kontzeptupean, Bidasoako hiru hirien bizikleten eta oinezkoen arteko lotura deitzen duten bidegorriaren zati bat eraikitzeko lanak lizitatu berri dituela Eusko Jaurlaritzak. Behin eta berriz esango dugu, baina Txingudiko naturguneen benetako konektibitatea naturagune babestuaren habitaten egungo zatiketa konpontzearen ikuspegitik soilik har daiteke kontuan, haien arteko beharrezko elkarreragin ekologikoa lehengoratuz.
Beste behin ere, horrelako jarduketak “ekintza burututzat” aurkezten dizkigute, eremua, haren dinamika eta paduretako aberastasuna aspalditik ezagutzen ditugunok eta horietaz arduratzen garenok egin ditzakegun ekarpen baliotsuak mespretxatuz. Ekarpen horiek eskuzabalki egin ditugu beti, Natura 2000 Sareko eremu hori hobetzeko eta kontserbatzeko asmoz. Tamalgarria da gure administrazioek metatutako esperientzia hori baloratzen ez jakitea, eta, dirudienez, alde batera utzi nahi dituzten eragile deseroso gisa ikustea.
Bidasoaren i¡bilguaren inbasioarekin topo egingo dugu berriro, piloteen gainean finkatutako pasabide batekin, beste aldean (Hendaian) antzeko bat egin zutela argudiatuz. Ez dakigu, ezta ere, estuarioaren eremuan izan daitezkeen eragin negatiboen baloraziorik egin den, ez eta bi pasabideen eragin sinergiko eta metatzailea kontuan hartu den, ezta trazadurarekiko alternatiben azterketarik ere egin den. Izan ere, etengabe aipatzen den Plan Zuzentzaileak orain lizitatzen denaz bestelako trazadura bat aukeratu zuen.
Plan Zuzentzailea Txingudiko Plan Berezia bizkortzetzo zela esan ziguten, eta duela 30 urte hasi zenetik, amaitu gabe eta baztertuta geratu zen. Plan Berezia sinatu zuten administrazio berberek (Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta lrungo eta Hondarribiko udalek eta Costasek) Plan Zuzentzaile bat (ez du arau-baliorik) aplikatuz azkartu nahi dute orain, Plan Berezian eta Natura 2000 Sareko kudeaketa-dokumentuan (biak nahitaez bete beharreko araudiak) jasotzen ez diren jarduketekin, baita tokian dauden eta Europako Zuzentarauetan jasotzen diren habitatak eta espezie naturalak kontserbatzeko helburuekin zerikusirik ez duten proiektuekin ere.
Berriz ere, Txingudin, milioietako inbertsioari buruz hitz egin dute, baina berriro ere ikusten dugu, 1993an, Plan Berezian eta 2013ko Natura 2000 sareko Kudeaketa Dokumentuan jasotako leheneratze-konpromisoak, premiazkoak eta beharrezkoak, oraindik ere “sine die” egiteke daudela, eta, aldiz, kontserbazio-helburuekin zerikusirik ez duten proiektuak, baita haren aurkakoak ere, bide azkarretik jorratzen direla. Nahiz eta errepikakorra izan, hor daude oraindik ere Plaiaundiko kirolinstalazioak, Irukanale uhartea bere habitat naturalera leheneratu gabe, Oxinbiribil ¡ibaiertza lehengoratu gabe, Jaizubiako eremuak baratzez beteta, Kosta eremua Plan Berezitik bananduta eta Hondarribiko hirigintza-plangintzaren zain, etab.
Eguzkik, beste erakunde eta partikular batzuek bezala, publikoki salatzen jarraituko dugu gure badiaren balio naturalak aldatzen eta degradatzen dituzten egoera eta proiektu horiek, nahiz eta “hobekuntza polit” gisa publizitatu nahi izan.