EH Bilduk alokairu soziala bultzatu eta gazteen emantzipaziorako etxebizitza sarea handitzeko konpromisoa hartu du

Oihana Briones, EH Bildu

EH Bildu.- Etxebizitza legearekin Irun automatikoki gune tentsionatua izenda daitekeela azaldu du Maddalen Iriarte Okiñenak.

Aldunditik eta udaletatik etxebizitzarako sarbidea bermatzeko eta udal promozioetan alokairu soziala eta gazteen emantzipaziorako etxebizitza sarea handitzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk. Hala azaldu du Maddalen Iriarte Okiñenak, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak, Irunen egin duen agerraldian.

Iriartek adierazi duenez, «etxebizitza bizitza proiektua garatzeko ezinbesteko elementua da. Bizitza proiektu bat eraiki eta garatzeko segurtasuna behar dute herritarrek, eta horretarako ezinbestekoa da administrazio publikoek etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzea».

Etxebizitza alorrean EH Bilduk egindako lana gogora ekarri du Iriartek, «akordioetara iristeko gaitasuna dugula frogatu dugu, baita etxebizitza alorrean ere, eta Irun horren adibide garbia da». Ildo horretan, «Madrilen berriki adostu dugun etxebizitza legeak, eta 2015ean EAE mailan adostutakoa garatzeko babes juridikoa eskaintzen duenak, Gipuzkoan ere alokairuen igoerari topea jartzea ekarriko du. Zehazki Irun eta Gipuzoako beste 14 hiri eta herri automatikoki gune tentsionatu izendatzea ekarriko luke».

Maddalen Iriarterekin batera, Oihana Briones Aramendi Irungo alkategaiak parte hartu du agerraldian. Brionesek gogorazi duenez, EH Bilduk alokairuzko etxebizitza publikoen parkea sortzea ahalbidetu du Irunen, horretarako 6 milioi euro bideratuz. Gainera, «gazteentzako alokairuzko etxebizitzen beharra ere eskatu dugu maiz eta Inmigrazioko eraikinean gazteetzako etxebizitzak egin behar zirela defendatu dugu, legegintzaldi honetan hori ere onartu da».

Guztira, aurrekontu prozesuetan egindako lanaren bidez sustapen hauek egiteko aukerak erraztu eta negoziatu ditu koalizio abertzaleak: Alarde eremua (52 etxebizitza) San Miguel- Anaka eremua (887 etxebizitza) eta Inmigrazio eraikina (31 etxebizitza gazteentzat).

Etiquetas: