Iametzak eta Ara!Gorputz-ek zikloan, hilerokoaren ezagutza eta jarraipenerako Web aplikazioa kaleratu dute

irudia

Iametzak eta Ara!Gorputz.- Aplikazioa euskara hutsean dago eta hilerokoari buruzko informazioa biltzeaz gain, norberaren zikloaren jarraipena egin ahal izateko funtzionalitateak txertatzen ditu. Bertan biltzen diren datuak ¡ikerketa feminista helburuekin soilik erabiliko direla ziurtatzen eta bermatzen dute egileek. Aplikazioa hilerokoaren ikuspegi feminista batetik eraikia izan da.

Ara!Gorputz elkarteak garbi dauka hilerokoaren kulturari buruzko heziketa parekide eta ez medikalizatu baten beharra dagoela jendartean.

Hilero mina kentzeko pilulak hartzera ohitu gara eta ez gara konturatzen norberaren burua ezagututa, eta ingurukoen zaintzaren bidez, besteak beste, hilerokoa beste modu batera bizitzeko aukera dugulaEnara I. Dominguez, Ara!Gorputz elkarteko kidea.

Iametza bere aldetik duela urte batzuk konturatu zen hilerokoaren jarraipena egiteko aplikazio desberdinak daudela, baina euskaraz bakar bat ere ez. Modu honetara bi erakundeek Zikloan proiektua elkarlanean aurrera eramatea erabaki zuten.

Zikloan web aplikazio bat da, web progresibo modura garatua izan dena. Hau da, mugikorreko aplikazio baten modura instalatu daiteke mugikorrean, baina web ingurune batean garatua izan da.

Web aplikazioak euskara hutsean funtzionatzen du eta nahiz eta helduentzat ere baliagarria den informazioa eskaini, batik bat nerabe eta gazteei zuzendutako eduki pilulak eta ilustrazioak biltzen ditu, formatu arinean emanak; baita euskaraz sortutako meditazio audioak ere.

Helduok hilerokoaren baitako formazio egokirik jaso ez dugun heinean, gazteek ez dute gai honen inguruko kalitatezko bidelaguntzarik izan. Zikloan-en bitartez euren gorputzen aldaketetan arreta jartzeko aitzakia izango dute, hausnartzeko eta batere ezaguna ez den informazioa jasotzeko. Gure ilusioa da nerabeen lagun taldetan aplikazio honen erabilera txertatzea eta beraien artean hilerokoaz hitz egiteko aukera irekitzeaIone F. Zabaletak, Ara!Gorputz-eko kidea.

Hilerokoaren zikloari buruzko informazioaz gain, aplikazioak norberaren zikloaren jarraipena egiteko eta norberaren gorputza hobeto ezagutzeko funtzionalitate desberdinak ditu. Esate baterako, zikloaren egun kopurua erregistratzeko aukera, irregulartasun posibleak detektatuz; edo zikloko egun desberdinetan norberak antzematen dituen seinaleak erregistratzeko funtzionalitatea (fluxu jarioa, emozioak, ondoeza, energia eta portaera aldaketak).

Egileek garbi adierazi nahi dute Zikloan-en helburua ez dela haurdunaldiak lortzeko edo saihesteko tresna bat izatea, nahiz eta norberaren gorputzaren ezagutza hobea izateak horretan ere lagundu dezakeen.

Bestalde, Zikloan-en erabiltzaileen datuak etorkizunean hilerokoaren inguruan egin daitezkeen ikerketa feministetarako soilik baliatuko dira, modu anonimoan, aplikazioan izena ematen dutenek horretarako baimena ematen badute.

Hilerokoaren ikuspegi feminista batetik eraikia

Iametzak duela lau urte abiatu zuen egitasmo hau, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza Nagusiaren diru-laguntzei esker gauzatu dena.

Edukiak prestatzerako garaian Leire Aperribai eta AralGorputz elkartearen laguntza izan zuen. Leire Aperribai arrasatearra da, psikologian doktorea. Hilerokoaren aurreko nahaste disforikoa detektatzeko tresna garatu zuen eta horri buruzko tesia aurkeztu zuen. Ara!Gorputz-eko kideak irundarrak eta feministak dira, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sustatzaileak eta herri pedagogia feministan arituak. Azken hauekin elkarlanean proiektuaren bigarren fasea gauzatu da aurten, heziketa parekidean oinarritutako informazioari garrantzia emanez.

Enararen ustez, “hilerokoa feminismoaren hainbat aldarrikapen egiteko oso tresna baliotsua da”.

"Hilerokoaren Aurreko Sindromea' asmakizun bat da, ez baita gaixotasun bat, ez hilerokoaren fase bat ere. BEmakume* bakoitzak hilerokoa modu desberdinean bizi du. Horregatik Zikloan-ek ez du Hilerokoaren Aurreko Sindromearen faseari buruz hitz egiten, ezta emozio positibo edo negatiboei buruz ere, sentipenen inguruko balorazioak pertsona bakoitzarenak baitira. Era berean, aplikazioan 'Emakume” hitza erabiltzen dugu, baina jakin badakigu, hilerokoa daukaten gizonak badaudela eta hilerokoa ez daukaten emakumeak ereEnara I. Dominguez, Ara!Gorputz elkarteko kidea.

Informazio gehiagorako: zikloan.eus

Etiquetas: