Osasun Bidasoak salatzen du Irungo Anbulatorioetan eta eskualdeko Ospitalean kontsulta-gune nahikorik ez dagoela

Imagen de los barracones del ambulatorio de Lapitz.

Osaun Bidasoa Herri Plataforma.- Bidasoaldean duela 30 urte baino gehiagotik osasun-inbertsio nahikorik egin ez denez, Irungo Eskualdeko Ospitalean eta anbulatorioetan kalitatezko osasun-arreta emateko kontsulta-gune egokiak falta dira.

Eskualdeko Ospitaleko ebakuntza-gelak berritzeko proiektua abian jarri gabe dago oraindik.

Osakidetzak eraikin erantsi bat eraikitzeari uko egin dionez, ezinezkoa da kontsulta-guneak zabaltzea ospitalean. Osakidetzak iragarritako proiektuak 3 urteko obrak dakartza, eta ospitalearen zatirik berriena eraistea (2011n berritu zena). Proiektu horrekin ez da azalera erabilgarririk irabazten kontsultak eta arreta-guneak handitzeko. Gaur egun, ospitalean, besteak beste, espezialisten kontsultetarako, etxeko ospitalizaziorako eta larrialdietarako arreta-guneak falta dira. Leku falta horrek ez du uzten itxaron-zerrendak murrizten, profesionalek ez baitute paziente gehiago artatzeko kontsultarik. Zenbait espezialitatek, hala nola traumatologiak (172 eguneko itxaron-zerrendarekin) edo otorrinolaringologiak (133 eguneko itxaron-zerrendarekin) ezin dute paziente gehiago artatu leku faltagatik.

Irungo anbulatorioetako egoera gero eta okerrago dago. Irun-erdialdekoak (1954an eraikitakoa) 1850 metro karratu ditu Irungo 38.500 pertsona artatzeko. Horretaz gain, traumatologia, erradiologia, ikuskaritza mediko, odontologia eta gaueko eta jaiegunetako larrialdietarako sorospena eskaini behar die Bidasoako, Bortzirietako eta Iparraldeko ¡a 100.000 biztanle gehiagori. Familiako medikuntzako eta erizaintzako arreta 22 medikuk eta 23 erizainek ematen dute. Medikuentzako 14 kontsulta eta erizainentzako 12 kontsulta baino ez daude. 26 kontsulta horietatik 4 kanpoko barrakoietan daude, eta beste 8 behin-behinean egokitu dira itxarongeletan eta bainugela edo aldagela zaharretan. Behinbehineko 12 kontsulta hauek tamaina txikikoak dira, eta ez dute kalitatezko arreta emateko aukerarik, ezta gurpil-aulkien maniobragarritasunik ere. Hondakin arriskutsuentzako, esterilizaziorako, aldageletako, biltegirako, larrialdietako profesionalen atsedenerako, administrarien eta kontsultarik gabeko profesional sanitarioen lan-gelerako eta langileen bilera-gelarako espazio gehienak ere badira prekarioak, behin-behinekoak eta gutxieneko kalitate-baldintzak betetzen ez dituztenak. Ez dago osasun-heziketarako, fisioterapiarako edo erditzea prestatzeko gelarik. Herritarrei arreta emateko 4 administrazio-gune baino ez daude, itxarongela egokirik gabe.

1991n inauguratutako Dunboak 2093 metro karratu ditu, eta ez dago espazio nahikorik 31.000 herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzeko. Bere instalazioen zati bat eskualdeko osasun publikoko zerbitzuek betetzen dute. Bere egitura arkitektonikoak eta inguruko espazioek ez dute kontsulta-espazioak zabaltzeko aukerarik ematen.

Horregatik guztiagatik, OSASUN BIDASOAKk salatu nahi du gure eskualdean ez dagoela osasunarretarako gune duinik.

Ezinbestekotzat jotzen dugu Plan Estrategiko bat egitea, egungo egoera konponduko duena. Hori lortzeko Irungo hirugarren anbulatorioa berehala eraikitzea Oinaurren, eta Eskualdeko Ospitalea handitzea eraikin erantsi baten bidez proposatzen dugu. Ondoren, Irun-erdialdeko eta Dunboako anbulatorioak birgaitu beharko lirateke. Birgaikuntza horretan Irun-erdialdeko anbulatorioa handitu beharko litzateke, atzeko patioan 1500 metro koadroko eranskina eraikiz.

HANDITU, BERRITU, HOBETU

Etiquetas: