Arazoak eta trabak gaindituta, Euskal Jira ere izango da aurten

Momento de la Euskal Jira

Irungo Euska Jira Antolakuntza Batzordea.- 2024ko Euskal Jirako ordainketei eta Elkarteak dituen gastu arruntei aurre egiteko diru-arazoak gaindituta, Batzorde Antolatzailea berriz ere martxan jarri da, aurtengo Euskal Jirako jarduera-egitarau mamitsu eta erakargarria prestatu ahal izateko.

Batzordeak Euskal Jira jasaten ari zen egoera ekonomiko zaila ezagutzera eman zenetik jaso dituen babes adierazpen guztiei eskerrak eman nahi dizkie. Asko izan dira gurekin harremanetan jarri diren pertsonak, elkarteak, komunikabideak, guri ahotsa emateko, egoeraren berri emateko, konponbideak bilatzeko, batzordean parte hartzeko eskaintza egiteko, eta edozein modutan animatzeko. Horiei guztiei, ESKERRIK ASKO!

Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu XXI. FOROA, HERRITARREN FOROA eta MALTZETA trikitilari taldeari Jirarentzat diru-sarrera berriak lortzeko balio izan duten jarduerak/ekarpenak egiten/antolatzen parte hartzeagatik.

Adierazi behar da oso zaila egin zaigula beharrezko finantzaketa lortu ahal izateko legezko prozedura aurkitzea. Kontuan hartuta jokoan zegoela 2024ko Euskal Jira ospatu edo ez, oztopo legal gehiegi aurkitu ditugu, eta horiek luzatu egin dute aurtengo edizioaren prestaketen hasiera.

Hain zuzen ere, oztopo legal horiek jartzen dute arriskuan Euskal Jiraren hurrengo edizioak ospatzea.

Batzorde antolatzailea garen aldetik, gure Jirak merezi duen garrantziaren araberako jarduera-programa bat osatzeaz arduratzen gara, eta, aldi berean, daukagun aurrekontuari egokitzen saiatzen gara. Uste dugu horrela egin dugula Euskal Jira antolatzen daramagun urte luzeetan.

Jakin badakigu egoera horrek diru-iturri berriak bilatzera eta gure jaiaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko gasturik garrantzitsuenetako batzuk ahalik eta gehien egokitzera eraman behar gaituela.

Batzordeak ¡lusiorik handienarekin egingo dio aurre aurtengo Jira antolatzeari, baina Udalak ez badu mekanismorik bilatzen, nolabait, txosnan diru-sarrera faltagatik gerta daitezkeen galera ekonomikoez arduratzeko, ezin du ziurtatu hori egiten jarraituko duenik hurrengo edizioetan.

Gure ustez, ezin dira hiriko kultura-ondare baten etorkizun ekonomikoaren erantzule bakar egin Batzordeko kide garenok. Euskal Jira antolatzen dugunek, galdera hauek egiten dizkiogu geure buruari: Zer gertatuko litzateke Euskal Jira egunean eguraldi txarra berriro izango bagenu eta txosnan diru-sarrerarik ez balego?

Zer gertatuko litzateke zulo ekonomikoa askoz handiagoa balitz? Batzordeko boluntarioak izango lirateke sortutako zor ekonomikoen erantzule bakarrak? Gure poltsikotik dirua jartzen jarraitu beharko dugu zorrei aurre egiteko?

Gai horiek guztiak Udalaren aurrean planteatu dira, eta, asmo onak izan arren, inork ez digu ziurtatzen Batzordea ez denik galerekin bakarrik geratuko Jiraren beste edizio baten ondoren.

Azken 20-25 urteetan, gutxienez bi aldiz, Euskal Jirak egungoak baino arazo ekonomiko handiagoak izan ditu, eta, bi aldietan, Udalak, Jirak laguntza behar zuela ulertuta, hiriko kultur ondare gisa, ,aurrera egiteko behar zuen estaldura ekonomikoa eman zion . Oraingo honetan, tamalez, hori ez da horrela gertatu; bere garaian egin ahal izan zena, orain ez omen da zilegi.

Hala eta guztiz ere, Batzordeak baikorra izan nahi du eta, Udalaren laguntzarekin, Euskal Jiraren etorkizuna ziurtatzeko formula aurkituko dugula pentsatu nahi dugu.

Eta, hemendik aurrera, munduko gogo eta ilusio guztiarekin antolatuko dugu aurtengo Euskal Jira, irundar guztiek inoiz baino gehiago goza dezaten.

Etiquetas: