Gazteak ON.- Gazteak On - Elikadura Erronka lehiaketa bere fase erabakigarrian sartu da. Gaurtik aurrera eta maiatzaren 25era arte, herritarrek aukera izango dute www.gazteakon.eus/bideoak webgunean argitaratutako bideo parte-hartzaileei botoa emateko.
Bozketa ireki honen bidez Herritarren Saria erabakiko da, lehiaketako bi sarietako bat.
Ekimen hau Bidasoa eskualdeko gazteei zuzenduta dago, DBH edo kolegioko adinean dauden ikasle taldeentzat, eta helburua da elikadura jasangarriaren inguruan hausnartzeko eta proposamen sortzaileak zabaltzeko aukera eskaintzea. Aurtengo edizioan, 16 taldek izena eman zuten, baina azkenean 14 lanek hartu dute parte. Bi talderen parte hartzea bertan behera geratu da prozesua amaitzeko izandako zailtasunak direla eta. Hala ere, guztira 100 ikasletik gorak parte hartu dute, ikastetxeetako irakasleen laguntzaz. Proiektuak urtarriletik apirilera bitartean garatu dira eta bideo labur formatuan aurkeztu dituzte ikasleek euren ideiak eta ekimenak.
Orain, herritarren txanda da: gazteen sormena eta kompromisoa aritzeko aukera paregabea eskaintzen du bozketa irekiak. Herritaren bozkekin batera, epaimahai espezializatu batek bideo guztiak ikusi eta baloratuko ditu.
Bozketa prozedura:
Bozketa egiteko, herritarrek www.gazteakon.eus/bideoak helbidean sartu beharko dute. Bertan parte-hartzaileen bideo guztiak ikusgai daude. Bozka emateko, boto emaile bakoitzak hiru lan hautatu beharko ditu, noreberaren ustez 3 ekimenik onenak, alegia. Bozketaren bidez lortutako emaitzen arabera erabakiko da Herritarren Sariaren irabazlea. Prozedura sinplea da eta botoa behin bakarrik eman daiteke.
Zabalkunderako material-kitak:
Parte hartzen duten ikastetxe guztiek zabalkunderako material-kit bat jasoko dute, bideoak euren komunitatean zabaltzeko. Kit horretan sare sozialetarako irudiak, QR kodeak, kartelak eta mezu proposamenak egongo dira, euskarri eta plataforma ezberdinetan bideoen promozioa egiteko baliagarriak.
Sari banaketa ekitaldia Ficoban
Lehiaketaren amaiera ospatzeko, ekainaren 6an, 10:30ean Ficoban, Bioterra azokaren baitan, sari banaketa ekitaldia egingo da. (Parte-hartzaileei 15 minutu lehenago bertaratzeko eskatuko zaie; ekitaldiak ordu bete inguruko iraupena izango du.) Ekitaldian parte-hartzaileak eta epaimahaikideak bilduko dira, eta Epaimahaiaren Saria zein Herritarren Saria jasoko dituzten lanak iragarriko dira. Gainera, ekitaldian aurkeztutako 14 lanak ikusgai izango dira, gazteen lana eta sormena balioan jarriz.
Gazteak On: Elikadura Erronka lehiaketa Ideiak 2024 partaidetzako aurrekontu programaren barruan garatutako proiektua da, eta Maia Permaculture, Hendaiakoop eta Labore Txingudik elkarlanean sustatzen dute. Proiektuak gazteen protagonismoa eta sormena lehenesten ditu, eskualde jasangarriago baten aldeko urrats kolektiboak sustatzeko.
Jada lanean ari gara hurrengo ikasturteko edizioa prestatzen, parte hartzeko aukera talde eta ikastetxe gehiagori zabaltzeko helburuarekin, eta prozesu osoan zehar bidelagun izango den laguntza osoa eskaintzeko. Helburu berezitzat hartu dugu Hendaiko eta Hondarribiko ikastetxeen parte-hartzea handitzea, bi aldeetako gazteek elkarrekin eraiki dezaten etorkizun jasangarri bat.
Informazio gehiago: www.gazteakon.eus | info@gazteakon.eus