'ALDA DEZAGUN ZIKLOA!', Eskubide menstrualak

ALDA DEZAGUN ZIKLOA!

Ara!Gorputz.- Ara!Gorputz Behe Bidasoko kooperatiba txiki feminista bat da. 2018. urtetik hilekoaren kultura sortzen dihardugu. Hilekoaren zikloaren inguruko formazioak ematen ditugu eskoletan eta bestelako espazioetan, hilekoaren kultura elikatzeko materialak sortzen ditugu, ikerketak sustatzen ditugu eta dibulgazio lanetan jarduten dugu, besteak beste.

Gaur, “Alda dezagun zikloa!” kanpainaren berri eman nahi dizuegu, hilekoaren zikloa desinformazioarekin eta normalizatutako minekin lotzen duen zikloa hautsi nahi dugulako. Izan ere, tabuak zaildu egiten du osasunarekin, hezkuntzarekin, hilekorako produktuak eskuratzearekin eta atsedenarekin lotutako eskubideak baliatzea.

Horretarako, 01/2023 Lege Organikoak aitortzen dituen eskubideak plazaratuko ditugu. Legeak ¡a lau urte daramatza indarrean, baina ez da batere ezaguna eta, jakina, ez da betetzen ari.

Kanpaina azaroaren 25aren, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren, astean egingo dugu, eskubide menstrualak ez betetzea indarkeria matxistaren beste aldaera bat dela azpimarratzeko.

Hauek dira legeak aitortzen dizkigun eskubideak:

  1. Hilekoaren kudeaketarako produktuak doan eta bitartekaririk gabe eskuratu ahal
  2. izango dira espazio publikoetan.
  3. Merkaturatzen diren produktuen osagaiak publikoak izango dira eta ez dira osasunerako kaltegarriak izango.
  4. Hilekoaren osasun-arretarako gutxieneko irizpideak ezarriko dira.
  5. Informazioa autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetara egokituko da.
  6. Hilekoaren eta menopausiaren inguruko ikerketak bultzatuko dira.
  7. Estereotipoetan oinarritutako diskriminazioa desagerrarazteko neurriak hartuko dira.
  8. Menstruazio-arazoek eragindako bigarren mailako desgaitasunak dituzten emakumeei eta hilekoa duten gorputzei desgaitasun tenporala aitortuko zaie.
  9. Derrigorrezko hezkuntzako ikasketa-planean menstruazioaren osasunari buruzko ikuspegi integrala landuko da.
  10. Menstruazioaren eta menopausiaren osasuna sustatzeko kanpaina instituzionalak egingo dira.
  11. Zuzenbide, hezkuntza eta gizarte zientziei lotutako titulazioetan hilekoaren eta klimaterioaren inguruko formazio berezitua integratuko da.

Erakunde publikoei neurri zehatzak ezartzea eskatzen diegu.

Eskubideek ez dute beren kabuz aurrera egiten: horiek ezagutu eta haien alde inplikatuko diren pertsonak behar dituzte. Menstruazio-eskubideak gizarte osoari eragiten dioten auzi gisa kokatu nahi ditugu eta kanpainako irudietan hilekoaren fluxu gorria konpromiso partekatuaren marka bihurtu dugu. Eskubide menstrualak betetzea denon ardura baita.

Kanpaina hau Gipuzkoako Foru aldundiaren berdintasun sailak diruz lagundu du, eta hainbat eragile zein norbanakok bat egin dute zabalpenarekin. Horien artean: Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea sustatzeko BDSKoop elkartea, Antxeta Irrati Komunitarioa, La vida en Rojo elkartea, Menstrualmente Hablando proiektua, Risem sarea eta Debako udala.

Gaurtik aurrera, material guztia eskuragai egongo da, beste norbanako zein eragileek erabili ahal izateko.

Guk, Irungo zenbait autobus markesinetan kartel handiak jarriko ditugu, kartelak eta esku orriak banatuko ditugu eta eskubideen berri ematen duen bideo bat zabalduko dugu.

Aurrerago, informazioa zabaltzen jarraituko dugu, eskubide hauek ezagutarazteko eta, esan bezala, indarkeria matxista honekin behingoz amaitzeko.

Etiquetas: