Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua.- 2026ko azaroaren 19an, Gipuzkoan, Zumaiako Aita Mari Zineman, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko (EHPM) Emakumeen VI. Asanbladan, sakon kezkatzen gaituzten eta zuzenean eragiten diguten bi gairi buruz hausnartu dugu: etxeko zaintza eta emakumeak faxismoaren aurrean.
Euskal erakundeek “animatu” egiten gaituzte zaintza etxean egin dadin, eta egia da, halaber, pertsona askok etxean zainduak izatea nahi dutela (dugula). 2025eko abenduaren 31n, Hego Euskal Herrian ia 107 mila pertsonak zuten aitortutako mendekotasun-mailaren bat, eta horietatik 45 mila baino zertxobait gehiagok Familia Inguruko Zaintzarako Prestazio Ekonomikoa jasotzen zuten, hau da, etxean zainduak dira, eta horietako askok zaintza-premia handiak zituzten, III. mendetasun-maila dutelako.
Gaur egun, zaintza bori familiako emakumeei edo etxeko langile dren emakume migratuei esleitzen zaie.
Beharrezkoa da etxeko langileek egiten dituzten zaintza-lan horiek aitortzea, barne-erregimena desagertzea eta etxeko langileentzako lan- eta soldata-baldintza duinak bermatzea, gainerako langileekiko berdintasunean. Eta bat egiten dugu emakume migratu askoren erregularizazioa eragozten duen Atzerritartasun Legea indargabetzeko aldarrikapenarekin.
Etxeko zaintza ezin dira familiarizatuta, feminizatuta eta arrazializatuta egon. Zaintzea erantzukizun kolektiboa da, ez emakumeen betebeharra. Erakunde publikoek Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bermatu behar dute, beren etxean bizi diren mendeko pertsonen premiei erantzuteko, zerbitzu-orduak handituz asteko 7 egunetako 24 orduko zerbitzu batera iritsi arte. Kudeaketa publikoko zerbitzuak izan behar du, eta langileentzako lan- eta soldata-baldintza duinak bermatu behar ditu. Horretaz gain, etxean zainduta dauden mendeko pertsonek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko langile bat izan behar dute erreferentziazko pertsona gisa, zaintza-zerbitzuetan orientatzeko eta kalitatezko arreta bermatzeko.
Asanblada honetan, halaber, faxismoak emakumeentzat zer ondorioztatzen duen aztertu dugu, une politiko bereziki delikatuan eta eskuin muturrak Espainiako Estatuan gobernatzeko aukeraren aurrean. Adineko emakumeok badakigu zer izan zen faxismoa gure bizitzetan, gertutik bizi eta sufritu dugulako. Horren ondorio sozial, ekonomiko eta politikoak ezagutzen ditugu, baita eskubideetan eta askatasunetan eragin ditzakeen atzerakadak ere.
Guri egokitu zitzaigun aitari edo senarrari barmena eskatu behar izatea lan egiteko, bidaiatzeko edo bankukontu bat irekitzeko; atzerrira abortatzera joatea edo arrisku handieneko baldintzetan egitea; indarkeria matxistaren aurrean isiltzea, salatzeko aukerarik gabe, eta bortxaketen erabateko zigorgabetasuna pairatzea; maitasunak ezkutuan bizitzea edo gure nahiak isilaraztea.
Gure independentzia ekonomikoaren eta soldaten eta pentsioen arteko arrakala deuseztatzearen alde borroka egitea tokatu zitzaigun eta tokatzen zaigu oraindik ere. Horregatik, EAJk, PSEk eta Voxek gure HELa eztabaidatzeari betoa ezarri arren, gaur berresten dugu borrokan jarraitzeko borondatea dugula gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren berdina izatea lortu arte.
Baina borrokatu ginenak ere izan ginen, eta denbora luzez ukatu zitzaizkigun eskubideak konkistatzen joan ginen. Horregatik, emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurrean, matxismoaren eta faxismo mehatxatzailearen aurrean, guregatik eta etorriko direnengatik, konkistatutako eskubideak defendatzen, eta pentsio publiko duinen alde ere borrokan jarraituko dugu, atzerapausorik eman gabe.
Horregatik, azaroaren 25ean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunean, Euskal Herriko hiriburu eta herrietan egingo diren manifestazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Aurtengo leloak dioen bezala: EZ GINEN ATZERA EGITEKO JAIO, AURRERA EGITEKO BAIZIK.
Era berean, pentsiodun, bizi dugun une historikoaren erantzukizunez eta kontzientziaz, guztiei hauteskundeetan parte hartzeko deia egiten diegu. Funtsezkoa da gure aldarrikapenak kontuan izatea eta horiek babesten dituzten eta horiek defendatzen lagun dezaketen aukera politikoak baloratzea.
Faxismorik gabeko zahartzaroaren alde, gure belaunaldiarentzat eta etorkizuneko belaunaldientzat: ez ditzagun konkistatutako eskubideak gal. Geldi dezagun faxismoa!

