Bidasoko EH Bildu Ekialdebuseko emakida berriaren harira

Ekialdebus 335 - E26

EH Bildu.- Bidasoko EH Bilduk bat egiten du Bidasoko eskualdeko herritarren artean sortutako kezka eta ezinegonarekin.

Urriaren 1ean Ekialdebuseko emakida berria martxan jarriko da eta kontratu berrian aurreikusi diren hobekuntzetan azpimarra jarri nahi izan bada ere, Bidasoko eskualdeko herritarren artean kezka eta ezinegona sortu da, Irunen zein Hondarribian indarrean dauden hainbat zerbitzuetan murrizketak egingo baitira.

Esaterako, Hondarribia- Irun- Oiartzun- Errenteria- Pasai Antxo eta Donostia lotzen dituen zerbitzua %50ean murriztuko da asteburuetan, eta Irun eta Hondarribia lotzen dituen zerbitzuan murrizketa esanguratsuak izango dira eguneroko zerbitzuan.

Hondarribiarren 10etik 7, egunero, Hondarribitik kanpo doa ikastera edo lanera eta autobusa da duten garraio publiko bakarra. Hondarribiarrentzat Irunekin eta bertako topoko eta Renfeko geltokiekin, eta Donostiarekin (erdigunea eta unibertsitate gunea) autobusez joan ahal izatea ezinbesteko lotura edukitzea bezain garrantzitsua da lotura hauen maiztasuna eta ordutegia egokia izatea.

Garoa Lekuonaren hitzetan, “Emakida berriaren maiztasunek eta ordutegiek ez dute Hondarribitik Donostiara autobusez joateko aukera errazten; aitzitik, zailtzen dute. Gehiago, E21aren egungo 45 minutuko maiztasun, ordu betera pasatzen denean, Hondarribiko udalbatzak aho batez 2023an 30 minutukoa izatea eskatu zuenean.”

Emakida berria atzerapausu argia da Bidasoko EH Bildurentzat, Donostiarekin ez ezik, eskualdeko bi herriak lotzen dituen zerbitzuaren maiztasuna ere okertzen baitu. Gaur egungo 15 minutuko maiztasuna, urriaren 1etik aurrerantz zerbitzu berriarekin, berriz, 20 minutukoa izango dela salatu du EH Bilduk, noiz eta Irunen Isuri Gutxiko Eremua indarrean sartzear dagoen.

Hamar urteko indarraldia izango duen emakida honek egungo errealitateari ez ezik, etorkizunekoari ere erantzun beharko dio, eta horrek, ezinbestean zerbitzu guztien idartzea ekarri beharko luke. Aldiz, Aldundiak egindako proposamenean zerbitzu batzuk beste batzuen kaltetan indartu direla dirudi.

Oihana Brionesen bitzetan, “Irunen, Isuri Gutxiko Eremua ezarriko da mugikortasun eredu jasangarriago baten alde, eta hiritarrek garraio publikoaren aldeko apostua egitearen garrantziaz hitz egiten entzungo gaituzte behin eta berriro. Bien bitartean, Irun eta Hondarribia lotzen dituen garraio publiko bakarraren maiztasuna 10 minutukoa izatetik, 20 edo 30 minutukoa izatera igaroko da Aldundiaren emakida berri honekin.”

Zentzu horretan, EH Bilduk asteartean Batzar Nagusietan eztabaidatuko den politika orokorreko osoko bilkuran emakida berriaren baitan murriztuko diren autobus zerbitzuen gaineko mozioan murrizketekin atzera egin eta zerbitzuaren benetako bultzada eskatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Etiquetas: