Elkarretaratzea: Ongi etorri errefuxiatuak, Inor ez da ilegala

Non: 
Hondarribiko San Pedro kalean
Data: 
Larunbata, Martxoa 19, 2016 - 13:00 -tik Igandea, Martxoa 20, 2016 - 12:55 -ra
Antolatzen du : 
Hondarribiko EH Bildu

Hondarribiko EH Bildu.- Europako Batasunera sartu nahi duten pertsonen drama humanitarioa salatzeko eta Europako Batasuneko agintarien ankerkeria salatzeko hainbat herri eta hiriburutan egingo diren mobilizazioekin bat eginez, Hondarribian ere elkarretaratzea antolatu dugu datorren larunbaterako. Zentzu horretan, Europako Batasunak Turkiarekin berretsi nahi duen akordioa “onartezina eta zentzugabea” dela azpimarratu dugu.

EBren eta Turkiaren arteko akordioak helburu bat eta bakarra dauka: errefuxiatuei Europako ateak ixtea. Arriskutsua da Europarentzat, eta baita herri kurduarentzat eta Ekialde Hurbil osoarentzat. Akordioa katastrofe bat da, hondamendia, batez ere eta bereziki, jakina, pertsona migratzaile eta errefuxiatuentzat. Pertsona hauetaz ari baikara, pertsona hauen oinarri-oinarrizko eskubideez.

Europako Batasuneko agintariak eredugarriak izan behar direla uste dugu, eta elkartasunaren eta oinarrizko giza baloreen errespetua lehenestea eskatzen dugu. Baina hori egin beharrean, gatazka humanitario, militar, politiko eta ekonomikoetatik bizitza salbatu nahian ihesi eta babes bila datozenei laguntza ukatzeko eta ateak ixteko Turkiarekin akordioa egitearen alde egin du Europak. Akordioa bidegabea da, elkartasun printzipioen kontrakoa. Gainera, nazioarteko lege guztien aurkakoa da, besteak beste, Genevako Itunak propio ukatzen dituen kanporaketak ekarriko dituena.

Porrot kolektibo moral horri aurre egiteko eta errefuxiatuei elkartasuna, babesa eta laguntzarako borondatea adierazteko, datorren larunbatean, martxoak  19, eguerdiko 13.00etan San Pedro kalean egingo dugun elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.

Bestetik, Emeki elkartea Greziako Chios uhartera iristen ari diren errefuxiatuentzat arropa biltzen hasi dela ere jakinarazi nahi dizugu. Batez ere, barruko arropak, oinetakoak, txandalak eta neguko arropa dira beharrezkoenak. Honekin batera, herri plataforma bat sortzeko lanean dabiltza eta horretarako asteartero Puntaleko egoitzan bilduko dira 19:00etatik aurrera.

Etiquetak: