Lau hilabete baina gehiago igaro dira gure herriko lau gazte Iruñean atxilotuak izan zirenetik, Euskal Herrian nahiz estatu mailan emandako errepresio kasuak salatzeko bete zen manifestazioan, “Errepresioari Autodefentsa” lelopean. Horietako hiru, Asier, Endika eta Ruben, behin-behineko espetxe zigorra betetzen ari dira Iruñeako kartzelan, terrorismoaren akusaziopean, eta edozein unetan Madrilera eraman ditzakete. Ezin dugu ahaztu ere laugarren atxilotua, adin txikikoa, aske geratu zela, baina baldintzatua.
Errepresio kasu hau estatuak erabiltzen dituen hainbat eta hainbat errepresio kasuren barnean ulertu behar dugu, klase interes batzuk defendatzeko burutzen duen errepresioa, hau da, kapitalismoa mantendu eta langile klasetik sortzen diren mugimendu ezberdinak zapaltzeko, arrisku bat izan daitezkeenak; gazteri borrokalariaren artean mugimendu hauek sortzen duten talka garbi geratzen da. Argi ikus dezakegu nola kasu hau muntai lotsagarri batean oinarritzen den, non bahituak dituzten inungo frogarik gabe eta terrorismoaren akusazioa leporatzen dieten, gazteri borrokalaria beldurtu eta kriminalizatzeko helburuarekin.
Argi daukagu ere errepresio kasu honek ez duela gelditu behar gazteri borrokalariaren eta orokorrean, gure klasearen borroka. Estatuak, errepresioaren bidez, helburu garbi bat dauka; arazo bat bihurtu daitekeen jende guztia garaitzea, borrokatzen duen jendea garaitzea, estatuak gu etxean geratzea nahi duelako, klase menderatzaileek miseriara bidaltzen gaituzten bitartean. Errepresioa gainditu behar da eta borrokatzen jarraitu, estatuak ez lortzeko bere helburua ezartzen dizkigun zigorren bidez.
Lehenago aipatu bezala, errepresio kasu hau ere kapitalismoaren ondorio zuzen bat bezala aztertu behar da; kapitalismoak, estatuaren bidez erabiltzen duen beste tresna bat bezala, bere interesak defendatu eta hilzorian dagoen sistema hau mantentzeko. Argi dago gure klasearen esplotazioan oinarritzen den sistemak jarraitzen duen bitartean, errepresio politikoa jasaten jarraituko dugula, eta beraz gure kideen askatasunaren aldeko borrokak kapitalismoaren aurkako borrokaren albotik igaro behar duela; esplotazioa jasaten jarraituz gero errepresioa jasaten jarraituko dugulako.
Amaitzeko, uztailaren 22an arratsaldeko 20:00tan Oreretako txosnagunetik abiatuko den manifestaziorako deialdia zabaldu nahi dugu, Oreretako lauak askatu lelopearekin. Argi daukagu espetxean dauden hiru kideen berehalako askatasuna berebizikoa dela oraintxe bertan, baina ezta ere ez dugu alde batera utziko auziperatua dagoen adin txikikoa, gure azken helburua lau auziperatuan askatasun osoa baita. Deialdi hau Oreretako herri osora zabaldu nahi dugu, baita ere Euskal Herri, estatu mailan edo haratago kokatzen diren kolektibo, antolakunde, alderdi edota norbanakoei, elkartasunak ez baititu mugarik. Mobilizazio herrikoi indartsu batek bakarrik lortuko du gure kideak jasaten ari diren injustizia hauekin amaitzea. Iritsi da beraien askatasunarengatik borrokatzeko ordua.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1328 irakurketak
- Castellano