Elkarretaratzea: Gorrotozko eraso gehiagorik ez!

Non: 
Irungo epaitegian
Data: 
Asteazkena, Iraila 5, 2018 - 09:30

Urte honetan, apirilaren 21ean gauean, ordu txikitan, bi gizonezkok eraso zuten Muara Elkartearen egoitza. Kanpoaldean zeuden bandera mastak errotik erauzi zituzten, ikurrina txikitu eta lapurtu zuten, “yo soy español, español, español” oihukatzen zuten bitartean.

Joan den abuztuaren 30ean, iluntzeko 20:00rak inguruan, berriro ere, bi gizonezko furgonetan agertu ziren eta Muara Elkarte parean geratu, horietako batek jauzi batez heldu zion ikurrinari, hausteko asmoz; ez zuen lortu, baina masta okertu zuen. Ondoren, furgonetaren gainean jarrita, labana batez ebaki zuen ikurrina eta lapurtu.

Lau hilabetetan bi eraso Muara Elkartearen aurka eta ikurrinaren aurka. Gorroto erasoak, eraso faxistak nolanahi ere. Kasu bietan salaketa jarri izan dugu udaltzaingoan. Lehenengo erasoaldian ez da lortu gaizkileak identifikatzea, bigarren kasuan berriz bai. Irailaren 5ean goizeko 9:30etan izango da epaiketa bizkorra Irungo epaitegian. Bertan izango gara eta, gurekin batera, nahi duen oro etor dadila gorroto-erasoak salatzera.

Erasoak ez baitira izan gaueko liskar arruntak, helburuak, egiteko moduak eta izandako inpunitateak agerian jartzen du gorroto-erasoak izan direla. Latz borrokatu behar izan genuen ikurrina legeztatzeko eta askatasunez erabili ahal izateko. Berriro ere, ikurrina defendatu behar dugu askatasuna defendatzeko.

Hondarribiko alderdi politikoei eta herritar orori eskatu nahi diogu erasoak sala ditzan eta askatasunaren defentsan gurekin bat egin dezan.

MUARA ELKARTEA

Etiquetak: