Amnistiaren aldeko manifestazio nazionala larunbata hontan, hilak 24, Bilbon

Non: 
Bilboko Jesusen Bihotzetik
Data: 
Larunbata, Azaroa 24, 2018 - 18:00 -tik Igandea, Azaroa 25, 2018 - 17:55 -ra

Hain zuzen ere horregatik aldarrikatzen dugu amnistia errepresaliatu politikoentzat: gudariak direlako. Abestiak dioen moduan, “ez dugu beldurrik, ez dugu lotsarik nor garen, zer garen aitortzeko”.

Sistema kapitalistak herrien suntsidura bilatzen du bere zerbitzura egongo den merkatu uniformea sortze aldera eta langileria esplotatzen duten monopolio handien mesedetan. Horretarako ezinbestekoa du bere sukurtsalen batasun uniformea izorratzen duen herri eta kultura ororen desagerpena, Euskal Herriaren kasuan sukurtsal horiek Frantziako eta Espainiako Estatuak direlarik.

Etxebarrieta anaiak eta Argala ditugu abertzaletasun iraultzaileren teoriko nagusiak, eta hari horretatik tiraka finkatu izan ditu Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak Euskal Herriaren biziraupenerako eta bere langileriaren borrokarako grinaren oinarri nagusiak. Independentzia eta sozialismoa txanpon beraren bi aurpegiak dira, eta soilik biak uztartuz izango dira egingarriak.

Kartzelan, erbestean edo deportazioan daudenak Frantziako eta Espainiako Estatuei aurre egin zietelako daude bertan. Manifestariak, grebalariak eta herri mugimendua jipoitzen duten mertzenarioen aurka altxatu zirelako, euskararen aldeko borroka sustatu zutelako, elkartasunaren eta konpromisoaren eredu bihurtu zirelako, torturatzaileen zigorgabetasunaren kontra matxinatu zirelako, euskal kulturaren biziraupena borrokaren bidez baino ezin dela bermatu frogatu zutelako, langile borrokaren aldarrikapenak babestu zituztelako, eta ama lurra deuseztatzen duten proiektu txikitzaileen kontra jo zutelako. Horregatik, independentzia eta sozialismoaren alde aritzeagatik, daude preso, erbestean edo deportazioan.

Amnistiaren aldarrikapenak errepresaliatu politikoen askatzearen aldeko baino askoz ere esanahi zabalagoa du. Amnistia zapalkuntza ororen amaieraren aldarrikapena da. Amnistia herri zapalduek inperioen aurka altxatzeko duten eskubidearen aldarrikapena da. Amnistia langileen izerdiaz eta kasu askotan odolaz baliatuta aberasten den patronalaren bota izorratzeko eskubidea da. Amnistia herria, pairatzen duen injustiziaren aurrean, otzan mantendu nahi duen bake burgesaren aurkako oihua da.

Hori dela eta, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Euskal Herriari egiten dio dei, datorren azaroaren 24an, Bilbon, 18:00etatik aurrera, 'Gudariak direlako, amnistia osoa!' lelopean burutuko den manifestazioan parte hartzeko. Jo ta ke amnistia, independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Etiquetak: