Aitzondo Irungo Euskara Taldea.- Irungo Aitzondo euskara taldeak ekitaldi bat antolatu du heldu den ostegunerako, uztailak 23, 19:00etatik aurrera, Urdanibia plazan.
Azkoitiko Kontrako eztarrixe irrati libreak ematen duen Hankak Lurrin saioa, estudioan grabatu beharrean, Irunen eskainiko dute, zuzenean eta jendaurrean. Urdanibia plazaren erdi-erdian kokatuko da estudio inprobisatua, eta aulki batzuk jarriko ditugu ikus-entzuleentzat. Antxeta Irratiak grabatuko du saioa, eta Iruni eta irundarroi egindako erreferentziak ez dira faltako, horretarako aukera ezin hobea aprobetxatuz.
Hausnarketa sakonak eta umore garratza uztartzen ditu Hankak Lurrin saioak, eta 2013tik hamabostero grabatzen egon diren arren, duela hilabete batzuk eskuratutako Argia Sariak eman die sona Euskal Herri osoan zehar. Normalean hiru kide izan ohi dira, baina Miel eta Iñaki Segurola "Ogrue" izango dira Irunen.
Beharrezko segurtasun-neurriak har daitezen ahaleginduko gara antolatzaileok, baina ezinbestekoa izango da bertaratzen direnen kolaborazioa, bai pertsonen arteko distantziari bai musukoa jartzeari dagokionez.
Ekitaldiko kartela bidaltzen dizuegu atxikita. Informazio gehiago nahi baduzue lasai idatzi.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 857 irakurketak