“Osasuna, Ekonomia eta Klimagatik. EZ ERRE ETORKIZUNA” Larunbatean denak Donostiara!

Non: 
Donostiako Easo Plaza
Data: 
Larunbata, Otsaila 29, 2020 - 17:00 -tik Igandea, Martxoa 1, 2020 - 16:55 -ra

Osasuna, Ekonomia eta Klimagatik. EZ ERRE ETORKIZUNAIrungo Sortutik ere bat egiten dugu LARReko Mahaiak deituriko mobilizazioarekin eta deialdia egiten diogu irundar orori mobilizaziora. “Osasuna, ekonomia eta Klimagatik. EZ ERRE ETORKIZUNA” lelopean, DONOSTIAn zita dugu LARUNBATEAN 17.00etan EASO plazan.

Zaldibarren gertatutakoak eta ondorengo bilakaerak argi utzi du krisi hirukoitz batera garamatzatela, hainbat auzi garrantzitsu mahai gainean jarriz: ingurumen krisia eta osasun alarma, krisi ekonomikoa eta kudeaketa politikoaren krisia, eta herri eredua.

Desagertuta jarraitzen duten bi pertsonen familiei eta gertukoei elkartasuna adierazi nahi diegu. Alberto Sololuzeren eta Joakin Beltran sendiei, baita aurten euren lanpostuetan hildako 14 langileen familiei ere.

Zaldibarren gertatutakoaren larritasuna azpimarratu nahi dugu: bi langileen bizitzak lurpean daude, eta arrisku handiko egoera eragin du, ingurumen krisia eta osasun egoeraren alarma piztuz. Egoeraren eta erantzukizunen larritasuna ikusita, bada garaia guztia argitzeko. Halaber, herri gisa hausnarketa sakon bat egitea eskatzen du.

Ingurumen krisia eta osasun alarmaren ondorioak bizitzen ari gara egunotan. Laneko ezbeharrak sistemikoak bihurtzen ari dira, eta langileen osasunari zuzenean eragiten diete prekarizatutako lan baldintzek. Bestetik, Zaldibarko zabortegiaren kontrol eta segurtasun faltak azaleratu du berriro ere horrek duen eragina arnasten dugun airean eta erreketako uretan. Inork ez du azalpenik honen irismenaren eta osasunean izan dezakeen epe ertain luzeko eraginaren inguruan. Alta, ingurumenaren defentsaren eta osasunaren arteko loturak inoiz baino presenteago egon beharko luke.

Kudeaketa politikoaren krisiak are gehiago areagotu du alarma egoera. Zaldibarren inguruan egia ezkutatu dute eta iritzi orokorra da gezurra esan digutela. Honi, harrokeria eta Urkulluren enpatia falta gehitu behar zaio, herritarren haserrea areagotuz. Baina ez gaitezen azalean geratu: ez gaude gobernu txar baten komunikazio arazoaren aurrean, kudeaketa ereduaren krisi baten aurrean baizik.

Herritarrak, haien ongizatea eta osasuna ez dira lehentasuna, negozio pribatuentzako baldintza egokienak sortzea baizik, eta haiek ahalik eta etekin handienak izatea kostu txikienean. Hori bakarrik ulertzen dute egonkortasun ekonomiko gisa. Pertsonen bizi baldintzetan eragina duen atzeraldi sozial eta ekonomikoaz ahaztuz, gutxi batzuen negozioen alde erabiltzen dituzte baliabide publikoak. Bitartean, zabaltzen ari dira etorkizunaren gaineko ezjakintasuna, herritarren segurtasun falta eta ingurumen arriskuak.

Kudeaketa krisi hau erabaki politikoek eragin dute. Segurtasun publikoko kontrolak nahita eraitsi dituzte, EAJren gobernuaren erabaki politikoen ondorioz. 2000. urteko abenduko Josu Jon Imazen araudia, egun Repsoleko lehendakaria: “Urte askotan beharrezkoa izan da administrazioak modu zuzenean jarraitzea instalazio bakoitzaren egokitasuna, horiek ez zezaten pertsonen osasunean eta ongizatean arriskurik eragin. Egungo markoa egokia da administrazioaren interbentzioa ez dadin izan intentsitate berekoa”.

Cabecera Manifestación

EAJk eta PSEk gobernatzeko duten moduaren isla da; ez dute behar sozialei eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko neurririk adostea bilatzen. Bakoitzak departamentu eta sailetan ahalik eta postu gehien lortzea negoziatzen dute. Euren arazoa izan da kudeaketa krisi honek momentu jakin honetan harrapatu dituela; eta erantzukizunik gabe kudeatzen saiatu dira, hauteskunde kanpainaren barruan.

Kudeaketa eredu hau da emergentzia egoera eragin dezakeen arazo larrien erantzulea. Hori ikusita, zein politika erabiliko dituzte klima larrialdiaren gisako auzien aurrean?

Herri eredu baten krisiaren aurrean gaude. Interes ekonomiko propioei, patronalenei eta enpresa handienei soilik begiratuz gero, pertsonok behar dugun herri eredua, ingurumen baldintzak, industria eredua, lana, osasuna, hezkuntza... albo batean geratzen dira. Krisi honen sintomak askotarikoak dira; nolako herri aurreratua eraiki dezakegu diru publikoaren zati izugarri bat inbertitzen bada Euskaltel gisako telekomunikazioko enpresa batean, ondoren pribatizatzen uzteko 5G iraultza bete-betean?

Egun, aldaketa sozial eta teknologikoek gizartean eragin nabarmena izango duten testuinguruan bizi gara. Horren aurrean, nolako herria izatea nahi dugu eta nola izango gara puntako herria? EAJk ez du erantzunik, ez baitu erreminta eta jarrerarik horri heltzeko. Herri eredu kontserbadore eta anbizio gabeko baten krisia da. Egunotan ikusi bezala, Zaldibarko emergentzia egoerari aurre egiterakoan ere erakutsi ditu akitze sintomak; kanpoko bitartekoetara jo dute egoerari aurre egiteko: Herbehereetako enpresa baten aholkularitza, Kantabriako helikopteroa eta Madrilgo laborategia

Hamaika arrazoi dago beraz, herritar bezala ardurak eskatzeko. Beharra, poliki poliki Euskal Herrian ezarri den, eta sakondu nahi den eredu kapitalista eta eko-zidaren aurreran erroko aldaketak egiteko. Ezinbestekoa hortaz, mobilizazioa interpelaziorako eta herri indarrak biltzeko tresna bezala erabiltzeko.

Horrexegatik, Irungo Sortutik ere bat egiten dugu LARReko Mahaiak deituriko mobilizazioarekin eta deialdia egiten diogu irundar orori ere mobilizaziora. “Osasuna, ekonomia eta Klimagatik. EZ ERRE ETORKIZUNA” lelopean, DONOSTIAn zita dugu LARUNBATEAN 17.00etan EASO plazan

Etiquetak: