Irungo Hezkuntza Plazara Ekimenak. Ekitaldia antolatu du Irunen ekainaren 12an

Non: 
San Juan Plaza, Irun
Data: 
Larunbata, Ekaina 12, 2021 - 18:00
Antolatzen du : 
Hezkuntza Plazara Ekimena

Ekainak 12 kartela

Pandemiaren testuinguruan hezkuntza komunitateak bizi zuen egoera kezkagarri eta larriaren aurrean administrazioaren utzikeria salatzeko sortu zen Hezkuntza Plazara ekimena. Kurtso hasieran izan zen hori eta ordutik hona mobilizazio eta iniziatiba ezberdinak garatu izan ditugu.

Lehena abenduaren 19an San Juan plazan burutu genuen mobilizazioa izan zen. Otsailean haur-eskoletako langileen grebarekin elkartasun kanpaina bultzatu genuen. Kurtso osoan zehar eskolen artean sare zabal bat eraikitzen aritu gara eta gero eta gehiago gara Hezkuntza Plazara ekimeneko partaideak. Irungo eskola askotako irakasle, guraso, ikasle, jangelako begirale eta langile ugari bildu gara ekimen honen baitan.

Gure azken iniziatiba Irungo Hezkuntza Komunitatearen diagnostikoa osatzea izan da. Apirilean galdetegi bat zabaldu genuen eskolaz eskola eta ia mila pertsonek (924) erantzun zuten galdetegia. Gure ustez parte hartzea esanguratsua izan da eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa eskertu nahi dugu. Hementxe dituzue parte hartzearen datu batzuk:

  • Irungo 18 ikastetxetako kideek parte hartu dute galdetegian.
  • Haurtzaindegiak eta haur eskolak, Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, DBH-koak, Batxilergoak eta Lanbide Heziketakoak ere parte hartu dute.
  • 523 familiek, 287 hezitzailek, 15 zuzendaritzako kidek, 45 jangelako langilek, 31 ikaslek (18 urtetik gorakoak) eta 23 bestelako langilek (atezainak, garbitzaileak, administrariak…) bete dute galdetegia.

Esan bezala parte hartzea esanguratsua izan dela pentsatzen dugu eta informazio guzti hori erabiliz diagnostiko zehatza eta lokala egin dugu. Irungo hezkuntza komunitateak dituen kezka, behar eta arazo nabarmenenak zeintzuk diren argitzen saiatu gara.

Orain gure asmoa diagnostiko hori eskolaz eskola gure komunitate guztiarekin partekatzea da lehenbizi. Aldi berean irungo udaleko ordezkari eta alderdi politiko guztiekin biltzeko eskaera egina dugu, gure diagnostikoa beraiekin ere partekatzeko eta elkarlanerako urratsak eman ahal izateko. Hezkuntza delegaritzarekin ere diagnosia partekatzeko saiakera egingo dugu.

Aurrerago zabalduko ditugu modu publikoan diagnostikoaren ondorioak. Beste prentsa ohar bat egiteko asmoa dugu.

Lan guzti hori borobiltzeko eta diagnostikoa irungo herritar guztiekin partekatzeko asmoz ekitaldia antolatu dugu datorren ekainaren 12rako. Berau arratsaldeko 18:00etan izango da irungo San Juan plazan. Ekitaldi horretan irungo eskola askotako kideek parte hartuko dutela badakigu, jadanik eskola askotan babesa agertzeko ekimenak burutzen ari baitira.

Ohar honen bidez irundar guztiak gonbidatu nahi ditugu, hezkuntza denena baita eta denok dugulako zer esan eta zer egin. HEZKUNTZA PLAZARA!

Etiquetak: