Sortu Irun.- Martxoaren 4ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sindikatuek (LAB, ELA, CCOO eta ESK) greba eguna antolatu dute Gizarte Zerbitzuetan. Adineko zentroetako langileak, aniztasun funtzionalaren eremuan lan egiten dutenak, esku-hartze sozialeko langileak, adin txikiko zentroetakoak, etxeko langileak edota etxez etxeko laguntza ematen duten langileak daude grebara deituak.
Gure eskualdean Behe Bidasoko Karta Sozialak mobilizazio herritarrera deitu du. Hau Martxoak 4-ean, 19.00retan Zabaltza plazan izango da.
Irungo Sortutik ekimen biak txalotu nahi ditugu. Alde batetik zaintza sektoreko langileak ematen ari diren eredua: Beren eta denon eskubideen defentsan, duinki zaindu eta zaindua izan ahal izateko aukeraren alde borrokan. Bestalde eskualdeko herritar eta eragileen elkartasun eta engaiamendua: Zaintzen krisiaren gaineko arazo estrukturalaren aurrean, hiritar bezala borrokan erantzukizuna hartzeko determinazioa.
Izan ere, pandemiak bi errealitate utzi ditu agerian. Batetik, gizarte-zerbitzuek bizitza mantentzeko duten garrantzia eta langile guztiek egiten duten funtsezko zaintza-funtzioa. Bestetik, zaintzaren funtzioa eta gizarte/zaintza-zerbitzuen ahuleziak ez direla aintzat hartzen. Gutxi batzuen negozioa dute oinarri, erabiltzaileen osasun eta langileen baldintzen kontura.
Gizarte-zerbitzuen publifikazioa eta kalitatea ziurtatzeko neurriak aldarrikatu behar dira. Eta horretarako, denonak diren baliabide publikoen erabilera egokia aldarrikatu behar da. Etenik gabe Boterea interpelatu;
Non dago diru Publikoa!?
Non dago diru publikoa klase popularron erronka den honi aurre egiteko: Zaintza Sistema publiko, unibertsal eta doakoa eraikitzea. Esparru sindikaletik ez ezik, arlo politiko eta sozialetik ere bultzatu beharreko erronka.
Norabide honetan, eta Behe Bidasoko hainbat eragilerekin eta Eskubide Sozialen Karta-rekin bat eginez, dei egiten diogu ezkerreko bidasotar orori mobilizatzera. Lan banaketa injustu, esplotatzaile eta prekarizatzaile hau eragiten duen sistema kapitalista-patriarkalaren aurrean mobilizatzera.
Dei, kapitalaren heriotzaren aurrean, borrokaz bizitza aldarrikatzera
- 580 irakurketak