Irungo Gure Eskuk bi ekimen antolatu ditu apirilerako

Non: 
Palmera Montero, Irun
Data: 
Asteazkena, Apirila 14, 2021 - 18:00
Antolatzen du : 
Irungo Gure Esku

AP14-HITZALDIA

Irungo Gure Esku.- Urte bete pasatxo da Hamaika Gara ekimena eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketa martxan jarri genituela. Izugarrizko erronka aurkeztu genuen orduan, Euskal Herrian sekulan egin den sinadura bilketa masiboena egitea eta ondoren sinadura horiek instituzioetara eramatea, erabakitze eskubidearen alde urrats berriak eman zitezen.

Jadanik milaka sinadura bildu ditugu, baina bistan denez, gure ekimena erabat mugatua izan da bizi dugun izurritea dela medio. Hala ere, orain berriz ere ekimena berrartu eta bultzada berri bat ematera goaz!! Berriro martxan gara!!

Horren adierazgarri dira bi deialdi berri hauek:

APIRILAK 14, ASTEAZKENA: HITZALDIA PALMERA MONTERON (18:00)

Mario Zubiaga (EHUko irakaslea, politologoa, soziologoa, gizarte-ekintzailea eta Gure Eskuko kidea) gonbidatu dugu Irunera eta berarekin batera hitzaldi interesgarria antolatu dugu.

Honakoa izango da gaia. "Aukera berriak: Katalunia, Eskozia eta Euskal Herria."

Horretaz gain datozen hilabeteetarako Irunen ditugun asmoak aurkeztuko ditugu.

Bertan sinatzeko eta Gure Eskuren materiala erosteko aukera ere izango da.

APIRILAK 17 LARUNBATA: SINADURA BILKETAK AUZOETAN (11:30-14:00)

Aspaldiko partez kalera atera eta jendearekin egoteko saiakera egingo dugu. Gure ekimena aurkeztu eta sinadurak biltzeko baliatu nahi dugu goiz hori.

Ondoko lekuetan jarriko ditugu sinadurak biltzeko mahaiak:

  • Urdanibia plaza
  • Zabaltza plaza
  • Arbes (Palmera-Montero gizarte etxearen parean)
  • Anaka (Aiako Harria kalean, Washington tabernaren parean)

Bizi ditugun garai zail hauetan osasuna zaintzea eta herritarrok elkarri babestea dira lehentasuna. Baina horrekin batera herri gisa egoera honetatik nola atera nahi dugun erabakitzea eta zein etorkizun eraiki nahi dugun marraztea ere garrantzitsua da. Ez dezagun gure eginbehar hori gehiago atzeratu. Ekin diezaiogun guztiok batera.

Oroitarazi nahi dugu gure ekimenaren inguruko informazio guztia www.hamaikagara.eus web orrian aurki daitekeela eta bertan sinatzeko aukera irekita dagoela.

Etiquetak: