ASKATASUNA! Larunbata 17, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna. Denak Donostiara!

Non: 
Alderdi Eder, Donostia
Data: 
Larunbata, Apirila 17, 2021 - 12:00
Antolatzen du : 
Sortu

Askatasuna

Sortu Irun.- Euskal preso politikoak gatazka politiko historikoaren ondorio dira. Herri ukatu baten historia da gurea, behin eta berriz herri gisa desagerrarazteko egon diren asmo eta estrategiei aurre egin behar izan diena. Konfrontazio horren baitan, azken hamarkadetan milaka pertsona izan dira arrazoi politikoengatik espetxeratuak Euskal Herrian.

Milaka dira ere erbestearen bidea hartu behar izan dutenak. Demokrazia eta askatasunaren alde gure herrian eman diren izaera ezberdineko jardunei, errepresioarekin eta espetxearekin erantzun dietelako Estatuek.

Gatazka politikoak ez ezik, Frantzia eta Espainiako Estatuek euskal preso eta iheslari politikoei eman dieten tratuak erakusten du ere haien izaera politikoa. Estatuek esaten dutenaren kontra, hamarkada hauetan espetxean, ihesean eta deportazioan egon diren militanteei aplikatu zaizkien neurri guztiak kolektiboak eta helburu politikoen baitakoak izan dira.

Oinarrian, ezkerreko independentismoa politikoki ahultzea bilatzen duen estrategia pairatu du errepresaliatuen kolektiboak. Konfrontazio armatuaren zikloan, ETAren eta, oro har, Askapen Mugimenduaren zigorra eta zatiketa bilatu zuten. Ziklo politiko berrian, estrategia eta mugimendu independentista baldintzatu eta oztopatzea izan dute helburu. Hortaz, preso, iheslari eta deportatu politikoen egoera bihurritu eta luzatzeko erabakia politikoa izan da eta hala izaten jarraitzen du gaur egungo testuinguruan ere, bahitu politiko gisa erabiliz gero eta gehiago.

Gatazka politikoa eta preso politikoak txanpon beraren bi aurpegi dira, beraz.

Gatazka politikoaren ondorioz sortu ziren preso politikoak eta preso jarraitzen dute egun konfrontazio politikoak bizi-bizirik jarraitzen duelako oraindik. Horregatik, gatazkaren konponbide integrala aldarrikatzen dugu. Gatazka politikoari konponbide demokratikoa ematea eta preso eta iheslari politikoak etxeratzea, biak ala biak dira beharrezko gatazka behin betiko gainditu nahi bada.

Zentzu horretan, eman diren zenbait urrats ahantzi gabe, euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzeari heltzeko unea iritsi dela nabarmendu nahi dugu modu berezian.

Inoiz baino gehiago etxean, kalean gure artean behar dutelako;

Apirilak 17, 12.00tan Alderdi Ederretik Manifestazioa

(*) Preso Politikoen Nazioarteko Eguna 2004an ezarri zen, Euskal Herrian burutu zen Preso Politikoen Nazioarteko Konferentzian. Horrela, munduko preso politikoei eta askapen borroka ezberdinei aitortza egitearekin batera, preso politikoen auziaren konponbidea herrien askatasunarekin eta demokraziaren aldarrikapenarekin uztartzen zen. Orduz geroztik ospatzen da Preso Politikoen Nazioarteko Eguna Euskal Herrian eta munduko beste hainbat herrietan, kokapen horren baitan askapen prozesu bakoitzak unean une dituen egoera eta erronken arabera

Etiquetak: