Irungo Gure Eskuk ekitaldia burutuko du datorren larunbatean Irunen

Non: 
Santiagoko frontoiaren ondoan (poxpologileen zubiaren parean)
Data: 
Larunbata, Maiatza 22, 2021 - 12:00
Antolatzen du : 
Gure Esku

Maiatzak 22 Kartela Gure Esku dago

Gure Esku.- Gure Esku herri dinamikak kanpaina berri bat jarri du martxan, HAMAIKA GARA kanpaina. Beste eragile ugarirekin batera ari gara dinamika hori bultzatzen eta bereziki sinadura bilketa erraldoia egitea dugu helburu.

Sinadura kanpaina horren azken helburua erreferendum bidez erabakitzea posible egitea da. Herritarrontzat garrantzitsuak diren gai ezberdinen inguruan erabaki ahal izatea eta noski, baita gure herriaren etorkizuneko estatus politikoa zein izango den erabaki ahal izatea ere. Lortutako sinadura guztiak Gasteizko legebiltzarrera eta Nafarroako parlamentura eramango ditugu bertan erreferendumak egin ahal izateko legeak tramitatzen has daitezen.

Hementxe duzue kanpaina horren inguruko informazioa: www.hamaikagara.eus

Milaka dira jada Euskal Herri osoan bildutako sinadurak eta larunbata honetan urrats berri bat ematera goaz. Euskal Herri osoan hamarnaka ekitaldi antolatu ditu Gure Eskuk, baita Irunen ere.

Irungo ekitaldia 12:00etan hasiko da Santiagoko frontoiaren ondoan (poxpologileen zubiaren parean).

Bertan, gure ekimenarekin bat egin eta sinatzeko aukera berri bat izango du irundar guztiek. Horretaz gain, “Hamaika Gara” dantzaren lehen entsaioa egingo dugu eta argazki kolektiboa aterako dugu.

Ekitaldia anitza izatea espero dugu irungo eragile politiko, sindikal eta sozial askorekin harremanetan jarri eta gonbidapena luzatu diegulako. Beti bezala ekitaldia herritarra eta koloretsua izatea nahiko genuke.

Ekitaldiaren beste ezaugarri nagusi bat DANTZA izango da. Dupla musika taldeak Itziar Ituño aktorearekin batera sortutako kantaren dantza izango du elementu jostari eta dibertigarri gisa. Sare sozialetan bolo-bolo dabil dantza eta jende guztia gonbidatu nahi dugu entsaio orokor honetan parte hartzera.

Larunbateko ekitaldiak datorren uztailaren 3an Bilbon egingo den ekitaldi handiaren aurrekari izango dira. Hamaika Gara kanpaina bere hastapenetan da oraindik.

Hamaika gara esamoldeak asko garela adierazi nahi du. Eta guk badakigu asko garela erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarrak eta eragileak. Horixe irudikatu nahi dugu maiatzaren 22an Irunen ere. Orain inoiz baino gehiago. Elkar zainduz, batu ditzagun indarrak!

Etiquetak: