Etxera!.- Oraindik euskal preso politiko guztiak Euskal Herriko espetxeetan ez badaude ere, ukaezina da dagoeneko errealitate berri baten aurrean gaudela. Eta Irun errealitate horren parte da, Aitor, Fermo eta Iratxe Zaballako espetxean baitaude eta Bera Martunenekoan hirugarren graduan.
Behin eta berriz aipatu dugun “aukera leihoak” irekita jarraitzen du estatu espainolean, baina noiz arte? Horra hor koxka. Horregatik, datozen aste eta hilabeteetan aurreratu dezakegun guztiak garrantzi berezia izango du etxeratzearen norabidean.
Hala ere, jakitun gara bidea ez dela batere erraza izango. Azken hilabeteetan ikusten ari garen moduan, urrats oro saihesteko presioa areagotu egingo da, bereziki estatu sakonaren aldetik. Horrek arreta berezia eta beharrezkoa den tentsio mantentzea eskatuko digu. Eta oztopoak oztopo, beste batzuetan egin dugun moduan, urratsak ematen jarraitzea.
Zabaltzen ari den fase hau oso lotua egongo da EAEko espetxeetan dauden presoek egin beharreko ibilbidearekin. Hainbat erabaki (irteera programatuak, baimenak, 3. graduak) Eusko Jaurlaritzaren esku daude dagoeneko eta errealitate zehatz horrek eremuaren egokitzapen oso bat eskatzen du: zereginetan, diskurtsoan, ildo mobilizatzailean...
Euskal preso politikoak etxeratzeko bidean pauso egokiak eman daitezen ekarpena egin behar dugu maila guztietan. Dispertsioa amaitzear dagoen honetan, helburu nagusia, “Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera” mezua jendartean hegemoniko bilakatzea da. Elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko ezinbesteko urratsa da eta auzi honi konponbide justu eta iraunkorra eman behar zaio behingoz.
Ezin dugu ahaztu kolektiboko kideei gainontzeko presoei ezartzen zaizkien neurriak ezarriko balitzaizkie, dagoeneko kolektiboaren zatirik handienak, modu batean edo bestean, izan baimenekin, izan 3º-arekin edota baldintzapeko askatasunarekin kalea zapaltzen egon beharko lukeela.
Helburu hori lortzeko mobilizatu behar gara orain. Eta zentzu horretan, urte luzez Bilbon deitu izan den urtarrileko manifestazioak garrantzi berezia izango du. Salaketa maila igotzeko, euskal herritarren aktibazioa lortzeko eta agenda politikoa markatzeko ezinbesteko ekarpena izan da eta izango da.
Urte luzeetako ahalegin eta ekarpen mota ezberdinen bitartez gai izan gara “Euskal Presoak Euskal Herrira” aldarria hegemonikoa bilakatu eta horren baitan inoizko adostasun politiko, sozial eta sindikalik handienak eraikitzeko. Orain gai izan behar gara, izan beharko gara, “Euskal Presoak Euskal Herrira” hori “Euskal Preso, iheslari eta deportatuak ETXERA!” bilakatzeko.
Asko lortu dugu eta hori ospatu behar dugu, baina ondoren goazen berriz ere lanean jartzera, oraindik asko dugu eta egiteko eta lortzeko. Sareren leloak dioen bezala: ETXERA BIDEA GERTU! Urtarrilaren 7an denok Bilbora.
- 171 irakurketak
- Castellano