Ezker Gantxoa Angula Berrirako, 1.go Kronika. Renfeko trenean 2015/09/24
Iragorri.- Eguzkiak oraindik ez ditu nagiak atera, baina martxan gara iada. Gosari arin bat nahikoa izan dugu pilak jartzeko, irrikak eta ezinegonak egingo bait dute oraingoz erregaiaren funtzioa. 07:05ak dira eta Irungo Renfeko estazioan ilara egiten gaudela Herrialde Katalanetan dugu gogoa jarritan. Beste behin ere, gure herrian arrotz izatearen sentsazioa, gaztelerak euskara zokoratzen kartel eta langileen ahotan, trenean idada espaiñiako selekzioen konkistak erakusgai, San Sebastia,... Munduaren ikuskera bat, errealitatea ulertzeko kategoria batzuk inposatzeko ahalmen bezala definitu zuen Pierre Bourdieu soziologoak indarkeria sinbolikoa. Gehienetan Estatu egituretatik hasi eta errealitate ezberdinetan erroturiko bizitza proiektu eta ikusmirak gauzatu nahi dituzten kolektiboen gain ezartzen dena. Hemen eta orain, senti daiteke beti ekinean dabilen arren -edo horregatik akaso- askotan ikustezina egiten zaigun indarkeria hori, eta uste dut, zentzu batean bidai kronikatu honen atzeko paisai lanak egingo dituela. Guk aukeratu ez dugun arren, Euskal Herriaren eta Herrialde Katalanen artean hamarkadetan eraiki ditugun zubietako osagai garrantzitsu bat ere badelako Estatu indarkeria.