Desobedientzia zibila da kriminalizatu nahi dutena, eskubide demokratikoen suntsipen prebentiboa da indarrean jarri nahi dutena

Eleak Mugimendua.- Eleak Mugimenduak eta Euskal Herriko LIBRE Lan Taldeek kezka handiz ikusten dugu Eusko Jaurlaritzaren agindupean lan egiten duen Ertzantzak Madrilgo Auzitegi Nazionalari bidali dion Herri Harresien inguruko txostena. Kezka handiz, gure iritziz, helburu argia duelako Ertzantzak eginiko txosten horrek: desobedientzia zibila kriminalizatzea, zigortzea eta zenbait kasutan baita ilegalizatzea ere. Zentzu horretan, Jaularitzako Barne Sailak eta Madrilgo Barne Ministerioak bultzatu nahi duten “Ley Mordaza” delakoa, norabide berean doaz, demokraziaren kaltean.

Jone Amezaga gernikarraren berehalako atxiloketarako agindu zuzena jasotzeko asmoz Ertzantzak Audientzia Nazionalari igorritako txostenean, Donostiatik hasi eta Loiolara egindako herri harresi eta desobedientzia ekimenen ezaugarriak deskribatzen ditu argazkiz lagunduta. Esan beharrik ez dago, Ertzantzaren bertsio bakarra biltzen dela bertan eta gezurrez beteta dagoela gainera. Izan ere, herri harresi hauetan eman den biolentzia bakarra, inseguritatea sortzen duena, alarma soziala eragiten duena, Ertzantzak berak sorturiko biolentzia da, herritar guztiek erresistentzia pasiboari ekiten baitiote, sare sozialetan jasota dauden ehunka bideotan ikusi daitekeen moduan.

Izugarria da eta politikoki onartezina iruditzen zaigu Jone Amezagaren kasuan, atxiloketa egiteko dagoen 10 eguneko epea Ertzantzak kritikatzea Gernikan desobedientzia ariketa aurreikusten dutela argudiatuz... Ez dute kritikatzen Madrilen aldetik egiten den Ertzantzaren erabilera politikoa ezta zigor neurri gabe horrek Euskal Herriko elkar bizitzan izango duen eragin kaltegarria. Salatzen duen gauza bakarra 10 egun horietan gertakari hori salatzeko gernikarrek herri harresia osa dezaketela da... Ez dute desobedientziarik nahi, ezta ez biolentoa bada ere. Eskubide demokratikoen suntsipen prebentiboa da martxan jarri nahi dutena, PNVren baimenarekin.

“Ertzaintzak azken urteetan pilatutako esperientziak pentsatzera garamatza inguru erradikalak antolatutako protesta ekintza jendetsu bat gerta daitekeela kasu honetan, “herri harresia”-ren formatuan, "erresistentzia harresia” ("muralla de resistencia") edo antzekoak”. Herri Harresiaren formula zigortzeko edota ilegalizatzeko asmoa, ebidentea da.

“Protesta/ekintza iragartzen denetik gauzatzen den arte, propaganda zabalpen handia gertatuko litzateke, manifestazioak edo kontzentrazioak deituz, kartelak jarriz eta hedabideak erabiliz, azken ekintzan (“herri harresia”) partehartze masiboa lortzeko. Helburu bikoitzarekin: batetik ahalik eta publizitate handiena lortzea, eta bestetik, polizien jarduna ahalik eta gehien zailtzea. Estrategia hau ondorengo ideian oinarritzen da: “beren inguruan herri harresia eraikitzea, injustuki zigortuak izan direnak babesteko”. Ertzantzak onartzen du herritar askoren babesa jasoko duela Herri Harresiak, baina ez du onartzen protesta forma demokratikoa eta zilegia denik, kontrakoa baizik.

Zalantzarik balego, horra zer dioen Ertzantzaren idatziak: "Kartzelan bere borondatez aurkezteko eperik ez emateak, ekidingo luke, dudarik gabe, beste "herri harresi" berri bat egitea, kasu honetan, Jone Amezaga Arriagarekin lotuta, eta ondorioz, sahiestuko lirateke aurrez aipatutako ondorio larriak herritarren, Poliziaren eta partehartzaileen beraientzat". Eta erabaki antidemokratiko horren defentsan Ertzantzak Jone Amezaga Ernaiko kidea dela esaten du, Ernai erakunde politiko legala dela ahaztuz eta Jone Amezagak, herritar gisara, eskubide zibil eta politiko guztien jabe dela, baita herri harresian parte hartu nahi badu ere.

Eleak Mugimenduaren eta LIBRE Lan Taldeen aldetik dei egiten diogu euskal jendarteari eskubide demokratikoen suntsiketa prebentiboa bideratu nahi duen Ertzantzaren jarrera aurrean erantzunik onena, desobedientzia zibilaren bidean sakontzea dela, erresistentzia zibil pasiboari eustea, atxiloketak egitea politikoki, sozialki eta teknikoki ezinezkoak bihurtu arte.

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.