Udal gobernuak ez du parte-hartzean sinisten

Irungo EH Bildu.- Euskal Herria Bildutik gogor salatu dugu, behin eta berriz, 2016ko udal aurrekontuetarako Udal Gobernuak aurrera eraman nahi duen prozesua. Baina ez gara horretan geratu, eta enegarren aldiz Udal Gobernuaren funtzionatzeko moduak eta parte-hartzearen gaian duen utzikeria eta sineste falta ere salatu ditugu.

Iaz bezala, aurten ere, aurrera eraman nahi izan duten aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abian jartzeko epeetan larri ibili dira. Hori gutxi izango balitz, talde politikoei aurkeztu eta entregatu zaigun dokumentazioa oso eskasa da; hau da, ez dago inolako proiekturik. Horren aurrean zalantza eta kezka batzuk sortzen zaizkigu: nola nahi du Udal Gobernu honek beste Udal taldeek lan egitea pasatzen diguten informazio urriarekin? Normala al da bozeramaile bilera batean proiektua inolako euskarri teknikorik gabe azaltzea eta informazioa astebete beranduago helaraztea?

Honen harira, eta lan egiteko zailtasunak ikaragarriak izan direla kontutan izanik, metodologia bera ere egokia ez dela iruditzen zaigu. Iazko proiektutik ez dira gauzak asko aldatu, ia prozedura bera eraman nahi dute aurrera. Honenbestez, ez dugu ulertzen prozesuak, berriz ere, honako gabezia hauek edukitzea: proiektuak helbururik ez izatea, iritziak elkartrukatzeko guneak murriztea, iazkoaren baloraziorik ez egin izana eta aurtengorako ere baloraziorik ez planteatzea, besteak beste.

Guzti honek argi eta garbi erakusten du Udal Gobernuak ez duela parte-hartzean benetan sinesten. Parte-hartzeari dagokionez, iazko esperientziatik ikasi ordez, aurten prozesua hobetu dezaketen aldaketarik gabe aurkezten digute, eta honez gain, aurrez aurreko bilerak murriztu egiten dira. Udal Gobernu honek, lotsa gabe, parte-hartzearekin egiten duen politika ITXURAKERIA hutsa da!!

Hala eta guztiz ere, Euskal Herria Bildutik herritarrak parte hartzera deitu nahi ditugu, parte-hartzeko dauden aukera gutxiak boikotatu behar ez direla uste dugulako. Baina, hori bai, ozenki esan nahi diegu, aurrez aurreko bileren balorazioa egitea eska dezatela, prozesuari ekarpenak egiteko aukera eduki ahal izatea adierazi dezatela, eta herritarrei prozesu hau hobetzeko otutzen zaizkien urrats guztiak eman ditzatela.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.