Dena ez da dirudien bezain polita

Onddarbiko Pertsona Normalok.- Duela bi egun nire lehengusina txikiarekin gelditu nintzen kafe bat hartzeko. Jaiak hemen daudela eta, ea zer moduz zebilen galdetu nion. Ondo arraro batekin erantzun zidan. Berriro galdetu, eta negarrez hasi zen…

Esan, nire lehengusina txikia Amaia deitzen dela eta inork ezer nabari ez dezan, gertakizuneko protagonistei beste izaera bat emango diedala.

Amaia neska gazte bat da. Bere inguruko pertsona batzuengatik, Jaizkibelekin lotu dezaketen neska gazte bat, alegia. Koadrila guztietan bezala, hilabete daramatzate monotema honekin. Hasieran, dena ondo. Neska koadrila gehienetan bezalaxe, erdia baino gehiagok kantinera ateratzeko beraien aukerak lagunei azaltzen igaro dute Abuztua. Aurten gainera, sorpresa polita, koadrilako baten ahizpa zaharrena kantinera bezala aterako da, eta lagun denak txoratzen daude (Maialen deituko diot ahizpari eta Uxue kantinerari).

Azken egunetan, baina, lagunen jarrera aldatu zela sumatzen zuenez, zer gertatzen zen galdetu zien. Erantzunak ez dit bi egunetan lo egiten utzi. Kontua da, kantinera atera behar duen horrek bilera eduki duela, eta mesedez Jaizkibeleko inorekin ez dezaten ikusi eskatu diotela. Denek dauzkagula lagun edo ezagunak manifa hartan, baina hilak 8an oso garrantzitsua dela beraiekin ez erlazionatzea, eta batez ere, argazkiekin kontuz ibiltzea, gero badakigulako ze mobidak egoten diren. Horraino, betikoa. Uxue kantinera atera dadin botazioa irabaztea asko kostatu zaionez familia horri, eta oraindik Maialen eta beste hainbat neska daudenez familian atera nahi dutenak, presio ugari omen dituzte eta urte osoan zehar lan handia egiten ibili omen dira osaba guztiak. Horrela bada, Maialenek nire lehengusinaren koadrila osoari, “beraien hobe beharrez”, berdina egiteko gomendatu die, goikoak haserre samar dabiltzalako, eta geroz eta lupa handiagoarekin aztertzen dituztelako kantineren jarrera eta inguruak.

Total, negar artean, milioika aldiz barkatzeko eta barkatzeko eskatu arren, 6ean izan ezik jaietan ez dutela beraiekin ikusterik nahi eskatu diotela. Eta ea Kale Nagusian egoteko Amaiak ezin duen beste norbait bilatu. Lagunak izaten jarraituko dutela, eta denak kantinera ateratzen direnean berak Jaizkibelen atera nahi badu, plastiko aurretik txalo egitera ateratzera konprometitzen direla, baina orain ezin dutela, eta bihotz-bihotzez sentitzen dutela, baina ez direla beraiek bakarrik, beraien familietako ilusioa jokoan dagoela.

Honezkero, badakit ez dela harrituta uzten zaituen gertakizun horietako bat. Mila bider entzun ditugula antzekoak, eta martxa honetan, mila bider gehiago entzungo ditugula. Baina ikusiko bazenituzte Amaiaren malkoak… 20 urte iraun dituen istorio makabro honetan, aspaldi ez ninduela zerbaitek bihotza horrela kolpatu.

Ez banu ezer egingo, sikiera blog zikin batetan modu anonimoan kontzientziaren bat mugitzen ez banintz saiatuko, ez nioke sekula barkatuko nire buruari. Ez ditzagun gure buruak engainatu, eta ez dezagun antzeztu egoera “normal” batetan bizi garenik. Ez gaitezen izan hain zinikoak, mesedez. Hau ez da normala. Ez da egoera baten ondorio. Ez da postura bat defendatzea. Dena ezin da justifikatu. Kasu honetan behintzat, ez dira askatasunetik hartutako erabakiak izan. Herri honetan jasan behar diren presioak gehiegikeria krudelegiak dira. Jendea kotilleoen jomuga izan ez dadin beldurrarekin bizi den herri baten parte gara, eta jendea epaitzeko eskubidea dutela uste duten gutxi horiena da ardura. Argi hitz egin dezagun, guzti honek badu izen bat eta, jazarpen egoera honi, biolentzia deitzen zaio.

https://onddarbikonormalok.wordpress.com/

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.