Herriko plaza ez da polizientzat

Alexander Martinez Iturria.- Egunen batean aita plazan kateatuta aurkituko dut. Amak barre egiten dio, baina gero eta gertuago ikusten dut polizia-etxera bere bila joan beharko dudan eguna. Poliziei argudiatzea zaila izango da, beraiek baitira nire aitaren haserrearen arrazoia; herriko plazan dagoen polizia-etxeko sarreran lotu nahi du aitak bere burua. Irunen bi plaza nagusi ditugu: San Juan enparantza, alde zaharrean, udaletxearen kokaleku. Zabaltza da ordea mugimendu gehien duen plaza. Hirigunean kokaturik, kale nagusien artikulazioa da, inguruan denda eta ostatu ezberdinez gain merkatalgunea ere ba dagoelako. Zabaltza plazan dugu irundarrok Polizia Nazionalaren egoitza.

Poliziak tokiz aldatzea ez dirudi horren zaila, ezta horren fantasiosoa ere. Polizia-etxea lekuz mugituz, egungo eraikina libre geratuko litzake, eta kanpoaldean lursail aproposak daude egoitza berria kokatzeko (Aitak
Cuencan ere lursail ederrak daudela dio, baina eztabaida hau beste baterako utziko dugu). Era honetan, espazio hau hirigunean eta plazarekin lotura zuzenagoa eduki dezakeen ekipamendua bihur daiteke, adibidez, Irunen falta zaigun kultura-etxea. Honen ordez, hiriari bizkarra ematen dion eraikina daukagu, harresi batez inguratuta, eta jendez gainezka egon beharko litzatekeen plaza eremua aparkatutako autoz beteta.

Aitak dio auto hauek direla bere haserrearen arrazoi nagusia. Hori esango du berak, baina nik badakit arrazoia bestelakoa dela. Auto batzuengatik inor ez da pasatzen udaletxean kexa formalak aurkeztetik Interneten kate batzuen prezioa begiratzera. Irundar askok eta askok arazoaren inguruan duten postura da aita sutzen duena, gaia ateratzen den afari guztietan bere emaztearengan islatuta ikusten duen erantzuna “Gizona, baina hori beti izan da horrela! Normala da!”.

Gauza asko normaltzat ematen ditugu urteen poderioz hiritarren egunerokotasunean finkatu direnean. Zerbaitek zalantzan jartzen dituen arte, errutinan errefuxiatutako gauza asko arruntasunez ikusten ditugu. Irundarrek beraien herriko plazan polizia-etxea edukitzea normaltzat dute, baina ez, ez da normala. Ez da normala egunero plazan polizia furgoneta, polizien auto partikularrak edota beraien ezagunenak aparkatuak egotea. Ez da normala plazako bankuetan eserita dauden nerabeek selfie bat egin orduko polizia bat ateratzea ea zer argazki egin duten kontrolatzeko. Ez da normala asteazkeneko pintxo potea polizia-etxeko musikarekin egitea. Ez da normala gazte-amoranteen ezkutuko lehen muxuak kameraz grabatuak egotea. Ez da normala umeak plazan baloiarekin kontuz ibili behar izatea, harresia jotzeko beldurrez. Ez da normala plazara txirringaz joan eta hau lotzerakoan bozgorailuetatik mehatxuak jasatea. Ez da normala, beraien herriko plazan dabiltzan haurrak metraileta baten begiradapean jolastu behar izatea.

Agian aita kateatuta agertzen den egunean irundarrek planteatu egingo dute ea normala den ala ez herriko plazan polizia-etxea edukitzea. Oraingoz, haserrea baina gehiago tristura nabari zaio aitari. Kate luze bat lortu zuen arren, irundar gutxi aurkitu ditu berarekin inon lotzeko prest.

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.