Sentsibilitaterik gabeko Gizarte zerbitzuak

fotoIrungo EH Bildu.- 2010.urtetik Irunek herritar gehienek ezagutzen ez duten Gizarte Topagune eta Jantoki soziala dauka. Gizarte Zerbitzuen datuen arabera, zerbitzu hauek 273 eta 128 erabiltzaile ezberdinei egiten diete arreta. Ospitale Zaharraren atzeko aldean kokatutako bi gune hauek, astelehenetik ostiralera 10’00tatik 14’30tara eta 16’00tatik 19’00tara baliabiderik ez duten pertsonei dutxatzeko, arropa garbitzeko eta egongela bat eskaintzen die, bazkaltzeko aukeraz gain. Gizarte Topagunera sartzeko ez da baimenik behar, baina jantoki sozialera sartzeko aurretik gizarte langileengana joan beharra dago, non eskatzaileen kasu eta beharrak aztertu ondoren, zerbitzura sarbidea ematen duten, ala ez, erabakiko duten.

Ongizateko arduraduna[1] hain arro dagoen zerbitzua hobeto ezagutzeko helburuarekin, abenduan Gizarte Topagunera eta jantoki sozialera bisita bat eskatu genuen zuzenean ezagutzeko. Teknikariaren aldetik zerbitzuaren irudi “idiliko” bat eman zitzaigun bisitaren ostean, informazioa erabiltzaileekin egiaztatu genuen.

Lehenik, guztia ez dela zoragarria ezagutzera eman ziguten pertsona hauek, eta lehenengo oztopoa zerbitzuaren inguruko informazio gabezia eta jantoki sozialerako sarbiderako baldintzen ezjakintasunean dagoela, nahiko nahasia, iluna eta gehienetan faltsua delako. Udal araudia dagoen arren ez dago argi zeintzuk diren jantoki sozialera sartzeko eskubidea ematen duten baldintzak eta bakoitzaren kasua aztertzen duen gizarte langilearen irizpideen baitan geratzen da.

Irungo Udaleko hainbat zerbitzu bezala, Gizarte Topagune eta jantoki sozialeko kudeaketa azpikontratatua dago (kasu honetan RAIS[2] enpresarekin), nork era berean, janaria hornitzen duen enpresa azpikontratatzen du. “Gardentasunaren Udaletxeak” bultzatzen duen azpikontrata kate honek informazio sinesgarria eta arduradunak ezagutzea galarazten du, eta hauek dira berez lehenengoak ardurak ekiditen udal zerbitzu bat izan arren.

Erabiltzaileek RAIS-eko hezitzaileak atseginak direla diote eta beraien lana eraginkortasunez egiten ahalegintzen badira ere, zerbitzu hobea eskaintzeko oztopo asko eta baliabide gabeziekin topatzen direla aipatzen dute. Adostasuna da nagusi ere, janaria hornitzen duen enpresa AUZOLANetik GUREAKera aldatu denetik janariaren kalitatea eta kantitatea nabarmenki okerrera egin duelako iritziarekin. Baina, aurrez aipatutako gardentasun gabezia dela eta, ezinezkoa da RAIS eta azpikontratatutako enpresaren arteko baldintza agiria ezagutzea.

Honez gain, lehen asteburuetarako (jan egin behar delako ere) ogitarteko eta beste zeozer banatzen zen, eta enpresa berriarekin sandwitx sinple bat besterik ez (kontutan eduki behar da pertsona hauentzat eguneko otordu bakarra izan daitekeela). Gainera, ez dira erabiltzaileen berezitasunak ezta beharrak kontutan hartzen (adibidez, pertsona diabetikoak, musulmanak edo barazkijaleak). Zerbitzutik hiru menu ezberdin (oinarrizkoa, barazkijalea eta medikua) banatzen direla dioten arren, osasun arrazoiengatik janari berezitua behar duten kasuak ez dira aintzakotzat hartzen (gatzik gabeak, azukrerik gabeak, etab.).

Bestalde, araudiaren 7. artikuluaren arabera, jantokitik hiru egunez (arrazoitu gabe) faltatzen badira erabiltzaileak, Gizarte Topagunera eta jantoki sozialera joateko eskubidea galtzen dute. Hau ohikoa izaten da udara partean, pertsona hauek lan bila joaten direnean. Itzultzen direnean berriz ere baimena eskatu eta segituan ematen zaiela zerbitzutik baieztatzen badute ere, erabiltzaileek ukatu eta hau ez dela hain erraza eta azkarra diote, oztopo ugari jartzen dizkietelako, kasu hauen aurrean nola jokatu protokolo argi baten gabezia dela eta. Beste behin ere, subjetibitatearen esku geratzen da erabakia.

Gizarte Zerbitzuen helburuetako bat <<inklusio sozialerako prozedurak ahalbidetzea>> bada ere, Irungo Gizarte Zerbitzuak sinpleki asistentzialak dira, karitatetik gertu, eta ez dute Topaguneko eta jantokiko erabiltzaileak egoera horretara eraman dituzten problematiketan sakontzen. Honek ez die pertsonen pobrezia eta gabezia egoerei konponbideak ekartzen. Asistentzialismoa eta karitatetik haratago doan esku-hartze sozial eta komunitarioa beharrezkoa da. Hiru urte baina gehiago zerbitzu honetara joaten daramaten pertsonak badaude eta ez da beraien egoerari konponbideren bat emateko inolako interbentzio sozialik planteatu.

Honaino azaldutakoak argi uzten du udal gobernu honen “giza sentsibilitate gabezia eta gardentasun falta”, zentzu askotan defizitarioa eta adabaki bat besterik ez den udal zerbitzu batez arro azaldu3 eta bere auto-atseginean hondoratzen direnak, baina ezer gutxi egiten dutenak hura hobetzeko eta bazterketa sozialaren errealitatea pairatzen duten pertsona erabiltzaileei behar bezalako zerbitzua eskaintzeko.

Oharrak:

1. El comedor social de Irun sirvió 21.102 menús a lo largo de 2014.  Xabier Sagarzazu - Miércoles, 15 de Abril de 2015

2. RAIS. http://www.rais-euskadi.org/default.aspx?Cod=158&i=1

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.