Sustrai helduak, sustrai gazteak, etorkizunaren bermea

Tilos de ArtiaZuhaitz gazte bat landatuko dugu bihar Artia auzoan. Umeek ureztatuko dute, eta beraiek izango dira zuhaitz honen emankortasunaren lekuko: kimuek, haziek, loreek, adaskek, hostoek, enborrak eta euren artean biziko diren ehundaka espezie sasoian-sasoiko itxura eskainiko dute, edertasunaren aurpegi ezberdinak erakutsiz, etengabeko eraldaketan.

Sustrai ikustezinek lur azpiko ibilbideak bilatuko dituzte, eta ageriko atalei beharrezko elikagaien garraioa bermatuko diete. Lurraren, uraren eta sustraien arteko sinbiosiak bizitzaren loraldia ahalbidetuko du.

Sustraiek lurra behar dute hazteko, eta lurrak sustraiak eusteko. Artiako ezki helduek euren sustraiek ainguratu zituzten duela berrogei urte, eta emankortasuna eta edertasuna adinarekin onddu dira. Auzokide sustraituenetarikoak izanik, gainontzeko bizilagunen ongizate físiko eta emozionala bermatu dute urte guzti hauetan, eta eskubide osoa dute gauza bera egiten jarraitzeko hamarkada luzez. Auzokideak ere adinarekin sustraiak errotzen dituzte.

Ezkiak babestu dituzten Aldatsa eta Xixare bezalako elkarte agroekologikoek Bidasoa inguruko auzoetako lurra ekarriko dute elkartasunaren landaketa egiteko. Eskualdean ederki erroturik dauden elkarte hauek lurra lantzen dute tokiz tokiko eta garaiz garaiko ekoizpenaren aldeko apostu irmoa eginez. Oinarrizko beharrak asetzeko bideratzen dute lana, eta lurra beraientzat ez da baliabidea, helburua baizik. Elkarte hauek lurra behar dute, eta lurrak euren iharduera behar du. Berriro ere, sinbiosi liluragarria.

Udalak moztu nahi dituen ezkien defentsa lurraren eta uraren aldeko aldarria da. Txingudiko padura, gure ekosistema kuttuna, aeroportuak, trenbideak eta plataforma lojistikoak dago itota. Bidasoa ibaiaren Irungo ertzaren landaretza desagertua egonda, Artiako ezkien lerrokadura estuarioaren hedapen berdea bilakatzen da, tartean errepidea badago ere. Padurako hegaztiek pausaleku eta babesa aurkitzen dituzte zuhaitz eder hauetan, eta hauek itzala eta hezetasuna bermatzen dizkigute gizakioi, hormigoiak zapaldutako ingurunean. Ez dugu inoiz ikasiko bioaniztasuna gizakion osasunaren eta ongizatearen bermerik garraintzitsuena dela?

Arnasketa zailtzen duen koronabirusak arnasa eman dio Artia auzoari. Larrialdi egoera dela eta udalak ez ditu ezkiak oraindik moztu, baina tamalez, bere horretan jarraitzen du, ikerketa zientifikorik gabe, arriskutsuak direla esaten. Baina hemen gaude auzokideok, udalarekin pedagogia egiten saiatzen. Ezkiak gure ondarea dira, eta defendatuko ditugu. Sustrai heldu sendoek lurraren higadura galerazten dute, ura erakartzen dute, eta fotosintesiaren bitartez oxijenoa barreiatzen dute. Noiz konturatuko da Irungo udala ezki helduak direla beroketa globalaren aurkako gerlari botoretsuenak?

Batu gaitezen bihar denok Artia auzoan zuhaitz gaztearen landaketa ospatzeko, eta ezki helduak omentzeko, ematen diguten guztiagatik. Ikas dezagun beraiengandik, eta lotu ditzagun guk ere sustraiak lurrari, globalizazioaren haizete eta birus bortitzak eraman ez gaitzaten. Iragana errespetatuz sendotuko dugu orainaldia eta bermatuko dugu biharamuna. Zuhaitzak memoria historikoa direlako, eta lurra eta ura, etorkizuna.

Beatriz Arrana Ortiz Artiako lagunak kolektiboaren izenean

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.