Laserre eta Tayeb jaunei gutun ireki bat, AB Campusaren inaugurazioan egin dituzten adierazpenei erantzuteko

irudiak

Bagera.- Jaunak, Ahozko bortizkeria generoaren gainean oinarritutako indarkerien adierazpen mota bat da beste hauekin batera: bortizkeria fisikoa, psikologikoa, sexuala, sozio-ekonomikoa, administratiboa, etxekoa, harreman intimoen mailakoa, jazarpena edota jazarpen sexuala.

Emazteei buruzko "ele ez-egokiak" adieraztea, emazte izate hutsagatik, indarkeria sexista eta misoginoa baizik ez da. Eta horrelako jarrerak are onartezinagoak dira pertsona publikoek jendaurrean defendatzen dituztenean, beren botere posiziotik.

Zein mezu helarazi nahi diezue Aviron Bayonnais-eko neska-mutiko gazteen belaunaldiari? Dena zilegi dela? Erakutsi nahi duzue edozein gizonek, entzulerik baldin badu, emazteak iraindu eta gutxiesten ahal dituela? Nolako ordezkariak eta buruzagiak nahi ditugu?

Berez zaila da jendarte hau emazte eta neskentzat, generoaren araberako desberdintasunak erraldoiak izanik, hala nola lanaldi osorako eskuragarritasunean, lansarien mailan, ondorioz, inolako txantxa matxista, sexista edo baztertzaile onartezina da.

Zure ateraldia ez da inondik ere irringarria, Lasserre jauna, are gutiago hautetsi zaren neurrian.

Ez dugu, ez, irri egiten, Tayeb jauna. Euskal Herrian emazteak sukaldean egoten dira haiek hala nahi baldin badute, baina karriketara ere ateratzen dira, manifestaldiak egiten dituzte, eta haien ordezkariak hautatzen dituzte.

Gai horrek ez du batere irri eragiten. Aski da matxismo eta sexismoak 2022an utzi dizkigun zenbait kopuru aztertzea irri egiteko gogoa galtzeko.

Irakur itzazue artoski Nous Toutes webgunean atzeman daitezkeen hainbat datu .

Emazte elbarrituen % 80 bortizkerien biktima dira.

  • 213.000 emazte dira indarkeria fisiko eta sexualen biktima bikotekide edo bikotekide ohien eskuetan.
    • Biktima horien% 29ren adina 18 eta 29 urte bitartekoa da.
  • 94.000 emazte dira bortxaketen biktima.
    • Biktima horien% 32ren adina 18 eta 29 urte bitartekoa da.
  • 6 emaztetik 1 jarduera sexualetan sartu dira onartu eta desio izan gabeko harreman baten bidez.
    • %36rentzat harreman hori haiek 15 urte bete aitzin gertatu da.
  • Eraso islamofoboen % 75 emazteen kontrakoak dira.
  • Frantziako emazteen % 16k tratu txar sexualak jasan dituzte haien haurtzaroan.
    • 6 heldutik 1ek haurtzaroan jasaniko bortizkeria sexualen ondorioekin bizi behar du.
  • Bortizkeria sexualen kasuen % 91n emazteek haien bortxatzailea ezagutzen dute.
  • Emazteen lansaria gizonezkoena baino % 28,5 txikiagoa da.
    • Ekonomikoki menderatua den emazteari biziki zaila zaio alde egitea.
  • 2 emaztetik 1ek bortizkeria sexuala jasan du Frantzian.
    • 2 emaztetik 1ek (% 53) eta 10 emazte gaztetik 6k (% 63) jazarpenaren edota agresio sexualen biktima izan dira bizitzan behin bederen.
  • Pertsona trans-en % 85 transfobiaren biktima izan dira karrikan, eta bazterketa honek ondorio larriak ditu haien bizitza sozialean.

2022an, Féminicides par compagnon ou ex elkartearen datuen arabera, Frantzian gutienez gertaera lazgarri hauek burutu dira:

  • bizilagun edo bizilagun ohien eskuetan: 112 feminizidio (+16, haietarik 16 haur).
  • 96 emazte haien etxeetan erail dituzte, 15 beste nonbait, beste bat ez dakigu non.
  • 58 erail dituzte banatze prozesu baten testuinguruan.
  • 72 ama ziren (haietarik 6 haurrekin batera erailak), 2 haurdun (5 eta 8 hilabete).
  • 148 umezurtz, 38 lekuko.
  • Bikotez kanpoko 12 feminizidio, prostituzio eremuko feminizidio 1 eta 0 pertsona trans.

Espero dugu gure lurraldeko zein estatu mailako ordezkariak eta kirol clubetako buruzagiak eredugarriak izan daitezen, adierazpen eta jarrera sexistarik burutzen ez dituztenak. Oroitarazi behar dugu legeak zigortzen dituela gainera.

Ez dugu, beraz, irri egiteko gogorik, kexu gara eta horrelakorik ez berriz gertatzea espero dugu.

Ulertu duzuelakoan, agurtzen zaituztegu.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.