Joan den igandean ospatu zen Munduko Hormen Aurkako Eguna. BDZk hainbat elkarretaratze egin ditu Euskal Herrian harresi guztiak hautsi daitezela eskatzeko. Deialdi horietako bat Santiago Zubian egin zen, Hendaia eta Irun artean. Irungo deialdiarekin bat egin dute Arabako eta Biskaiako Ongi Etorri, baita Irun-Palestinarekin eta Irungo Harrera Sareak ere.
BDZk gogora ekarri duenez, Israel duela 23 urte hasi zen zortzi metroko altuera eta 700 kilometro baino gehiagoko luzera duen harresia eraikitzen. "Helburua Zisjordaniaren %60 baino gehiago konfiskatzea izan da, eta Palestinako herria bere lurralde historikoaren %13 baino gutxiagoan espetxeratzea", azaldu dute. Horri gehitu behar zaio Gaza isolamendurako horma ere badela 1994tik.
2004an Nazioarteko Zigor Auzitegiak harresia legez kanpokoa zela erabaki zuen, baina Israelek harresia altxatzen eta finkatzen jarraitu zuela salatu dute. "Oraindik ez da neurririk hartu", azpimarratu dute.
Azaldu dutenez, Palestinako harresia bezala 72 murru daude, herritarrak mundutik bereizten dituztenak. "Horma hauek milaka heriotza eragiten dituzte, ehunka mila pertsona kanporatuz, baztertuz, zapalduz, diskriminatuz eta esplotatuz. Azken hamarkadetan, horma horiek hirukoiztu egin dira, militarizaziorako eta bazterketarako ezinbesteko tresna bihurtuz. Gure gizartearen parte izatera pasatu dira, eta harresi ikusgarri eta ikusezinek partekatzen duten funtzio bat betetzen dute: pertsona batzuen eskubideak urratzea eta beste batzuen pribilegioak babestea".
Bidasoan ere bai
Euskal Herrian ere bada halako harresi bat Bidasoan, "pertsona migratzaile askoren heriotza eragin duena".
"Ezin dugu ahaztu horma hauek pertsonen bizitzekin negozioa egiten duten gobernu eta enpresen diruzalekeriari esker mantentzen direla", adierazi dute, CAF enpresa okupazioan sakontzen duen Jerusalemgo tranbia eraikitzen ari dela nabarmenduz. Sidenor, AMC Mecanocaucho, Metro Bilbao edo Osakidetzak ere giza eskubideen urraketan oinarritutako politikak defendatu dituzte.
"Horregatik guztiagatik, gure indarrak batu ditugu munduko harresi eta hesi guztiak suntsitzea exijitzeko. Herrien eta pertsonen determinazio askea errespetatzea exijitzen dugu, bakoitzak bere etorkizuna erabaki eta bizitza duina bermatu ahal izateko", aldarrikatu dute.
Iturria: naiz.eus

