
EH Bildu.- EH Bildutik Txingudiko Zerbitzuetako (Txinzer) greba komitearen eta bertako langileen aldarrikapenak aintzat hartu, eta zuzendaritzari lan hitzarmen berriaren baitan elkarrizketari eta negoziazioari ekin diezaiola eskatzen diogu.
Txinzer, Irun eta Hondarribiko Udalen menpeko enpresa publikoa den heinean, gure eskualdeko oinarrizko zerbitzu publiko honen ardura zuzendaritzaren gain ez ezik, Udalen gain ere badagoela ulertzen dugu gure taldetik, enpresa publiko honek gure berrietan funtsezkoa den ur hornidura, saneamendua eta hondakinen kudeaketa burutzen baitu, besteak beste. Gauzak horrela, bertako langileen lan baldintzak udal langileen lan-baldintzetara egokitzeko eskaeraren aurrean zuzendaritzari, zein Udalei, elkarrizketari eta negoziazioari bideak irekitzeko ardura dagokie.
EH Bildutik, Txinzerreko kontseilari gisa, eskualdeko osasun publikoa bermatu eta zerbitzu publikoen kudeaketa arduratsu baten alde egitea dagokigula ulertzen dugu, eta hala jokatu dugu azken hilabeteetan izandako kontseilu eta bileretan, betiere, bertako langileen lan baldintzen duintasuna babestuz.
Beraz, Txinzerreko zuzendaritzari arduraz jokatu eta lan hitzarmenaren elkarrizketari eta negoziazioari ekin diezaiola eskatzen diogu, lan gatazkak negoziazioarekin bakarrik bideratzen baitira.
Txinzerreko kontseiluan, zein Irungo eta Hondarribiko udaletan dugun ardura instituzionalari jarraiki, Bidasoko EH Bildutik espazio horietan egoera bideratzeko elkarrizketa eta negoziazioa aldarrikatzen jarraituko dugu, baita helburu horretan aurrera egiteko ekimen edo proposamenak lantzeko konpromisoa hartu ere.
