
BDS Koop elkartea.- Hemen aurkezten duguna “KOOPERATUZ” 2026 saria da, Ekonomia Sozialaren balioak eta printzipio kooperatiboak gizarteratzeko eta ikusarazteko helburuarekin martxan jartzen dugun ekimena.
BDSKoop Elkartea gara, Bidasoaldean Ekonomia Soziala, kooperatibismoa eta eraldaketa soziala sustatzen dituen elkartea. Irunen dugu egoitza, eta gaur egun 11 entitatek osatzen dugu sarea. Gure eguneroko lanean ikusten dugu Ekonomia Sozialaren balioek —elkarlana, parte-hartzea, komunitatea, zaintza edo justizia soziala— badutela indar eraldatzailea, baina askotan ez direla behar beste ikusarazten.
Horregatik sortu genuen “KOOPERATUZ” saria:
ez soilik jardun eredugarriak aitortzeko, baizik eta hausnarketa kolektiborako espazio bat sortzeko, balio kooperatiboak berriro erdigunera ekartzeko eta begirada anitzetatik kontatzeko.
2026ko edizioan, sariak parte-hartze irekia eta irisgarria proposatzen du.
Ez da beharrezkoa kooperatiba izatea, ezta Ekonomia Sozialari buruzko ezagutza teknikorik izatea ere. Lehiaketa herritar guztiei irekia da:
norbanakoei, gazteei, talde informalei, elkarteei, kolektiboei, komunitate-ekimenei eta baita Ekonomia Sozialeko enpresei ere.
Parte-hartzea kontakizun baten bidez egingo da, formatu librean:
testu labur baten bidez, bideo edo audio labur baten bidez, edo irudi bat eta testu labur baten bidez. Helburua ez da kalitate teknikoa, baizik eta balio kooperatiboak nola bizi, nola irudikatu edo nola kontatzen diren erakustea.
Sariak 3.000 euroko zuzkidura du guztira, 1.500 euroko bi saritan banatuta, eta bi kategoria ezarri dira:
- Gazteen kategoria, 17 urtera arte
- Helduen kategoria, 18 urtetik gora
Deialdia 2026ko otsailaren 20an irekiko da, eta lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 20a izango da.
Amaitzeko, dei egin nahi diegu bai komunikabideei, bai hezkuntza-eragileei, elkarteei, sareei eta herritarrei, deialdi hau zabaltzen lagundu dezaten. Uste dugu garrantzitsua dela balio kooperatiboak ahots askotatik kontatzea, eta sari hau horretarako tresna bat dela.
