Osasun Bidasoak Osakidetzaren adierazpenak ezeztatu ditu: larrialdietako arretaren gabeziak ez dira konpondu

Imágen de archivo: Rueda de prensa de Osasun Bidasoa

Osasun Bidasoa.- Osakidetzak Irungo PACeko (Lehen Mailako Arretako Etengabeko Arreta Gunea) larrialdi-arretan hobekuntzak iragarri dituen arren, Bidasoa eskualdeko larrialdi-arretaren egoerak oso kezkagarria izaten jarraitzen du, Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak 2025eko apirilaren 13an itxi zituztenetik.

Irungo PACa

Ez da egia 2026 osoan zehar lanegun guztietan arratsaldez bigarren mediku bat egon denik. Apirilaren 14an indargarria kendu zen, eta horrek PACeko profesionalen haserrea eragin zuen; egoera hori agiri publiko baten bidez salatu zuten. Uztailaz geroztik, lanegunetako arratsaldeetan bigarren medikuaren errefortzua berriz ezarri da.

Era berean, ez dator bat errealitatearekin Osakidetzak adierazitakoa: alegia, urtarrilean, otsailean, Aste Santuan, uztailean, abuztuan eta abenduan lanegunetan mediku-errefortzuak daudela eta, horren ondorioz, urteko egunen erdietan baino gehiagotan laguntza-txandak daudela. Adierazpen horrek iradokitzen du urteko egun askotan arratsaldez hiru mediku daudela PACean, baina hori ez da egia. Urteko egunen erdietan mediku bakarra dago, eta gainerako egunetan baino ez da estaltzen bigarren medikuaren errefortzua, 17:00etatik 22:00etara.

Pediatriako larrialdiak itxi zirenean, lanegunetan 17:00etatik 22:00etara eta larunbat zein jaiegunetan 09:00etatik 22:00etara pediatra bat PACean egongo zela agindu zen. Hala ere, ordutik ez da inoiz pediatrarik egon bertan.

Bestalde, medikuntzako eta erizaintzako plaza-kode bana sortu direla iragarri da. Baina kode hutsak dira, profesionalik ez badago atzean. Gaur egun PACean bi mediku finko baino ez daude; hiru bitarteko (horietako batek lanaldi-murrizketa du), lagatako mediku bat lanaldi-murrizketarekin eta udako ordezkapenetarako kontratu bakarra irailera arte.

Bidasoa Ospitaleko larrialdiak

Bidasoa Ospitaleko larrialdi orokorretan egunez bost mediku eta gauez bi egon beharko lirateke. Joan den maiatzean, bertako profesionalek idatziz salatu zuten zerbitzuaren egoera larria eta kolapso-arriskua. Ordutik ez da hobekuntzarik izan.

Uztailean, gaur egungo datuen arabera, eguneko txanden %20 baino ez dago bost medikurekin estalita. Hogei egunetan lau mediku baino ez dira egongo, bost egunetan hiru, bi egunetan bi, eta egun batean mediku bakarra.

Abuzturako aurreikuspenak ere kezkagarriak dira: eguneko txanden %40 bakarrik egongo dira bost medikurekin. Hamalau egunetan lau mediku izango dira, hiru egunetan hiru eta bi egunetan bi baino ez. Gaueko txandetan, hamar egunetan mediku bakarra aurreikusten da, eta bi egunetan ez da medikurik aurreikusten.

Gainera, 2025eko apirilaren 13az geroztik ez dago guardiako pediatrarik Bidasoa Ospitaleko larrialdietan. Horrek lan-karga eta ziurgabetasuna areagotzen ditu, dagoeneko profesional faltak eragindako egoeran.

Osasun-zentroak

Eskualdeko hiru osasun-zentroek astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 17:00etara artatzen dituzte larrialdiak. Udan, gutxienez medikuen heren bat ordezkapenik gabe dago. Horrek zaildu egiten du larrialdiei behar bezala erantzutea; lanean dauden medikuek beren kontsultak, larrialdiak eta ordezkatu gabeko lankideen pazienteak artatu behar dituzte.

Ez dago bermatuta pediatrak 17:00ak arte osasun-zentroetan egotea. Pediatrarik ez dagoenean, familia-medikuei eskatu zaie pediatriako larrialdiak ere artatzeko.

Gainera, udan osasun-zentroetako ordutegia murrizten da, gutxienez 08:00etatik 17:00etara arreta bermatzeko. Langile eta ordutegi murrizketa horrek are beharrezkoago egiten du PACaren eta ospitaleko larrialdien estaldura egokia.

Osasun Bidasoaren aldarrikapena

Ez gaitzatela gehiago engaina.

Nahikoa da bete gabeko promesekin.

Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak berehala berrezartzea eskatzen dugu.

Herritar bakar batek ere ez dezala lekualdatu behar premiazko arreta jasotzeko.

Profesional kopuru egokia bermatzea eskatzen dugu.

Bidasoak gainerako eskualdeen tratamendu bera merezi du.

Profesionalek beraiek salatu dute kudeaketa desegokia eta jasotzen duten tratu desegoki eta errespetu falta.

Handitu, berritu, hobetu.

Etiquetas: