Donostiako Udalak debekatu egin dio KASi kalean dauden pertsonei afariak ematea

Jendea kartelekin protestan prentsaurrekoan.

Atzotik, Kaleko Afari Solidarioak elkarteak Donostiako hiru puntutan eskaintzen zituen 300 afariak debekatu egin ditu Donostiako alkateak. KASen komunikatua erreproduzitzen dugu. Uztailaren 29rako elkarretaratzea deitu dute Donostiako Konstituzio plazan.

Komunikatua

Kaleko afari Solidarioak 2020ko azaroaz geroztik Donostian kale egoeran bizirauten duten pertsonen elikadura eskubideak eta oinarrizko premia, neurri apal batean, afari bero batekin betetzen duen Herritar Ekimen boluntarioa gara.

Ehundaka herritarren parte hartzea antolatuaren bitartez, ia 6 urte daramatzagu gure ekimena modu autonomoan aurrera ateratzen, gaur egun 300 afari bero baino gehiago banatzen ditugularik egunero-egunero hiriko hiru gune ezberdinetan .

Afariak emateaz gain, gainera, elkarlaguntzarako gunea bihurtu da Kaleko Afari Solidarioak ekimena eta pertsona askok bizi duten egoera latzari bidelaguntza minimoa emateko harreman zubia.

Jon Insausti alkateak, Udaltzainak bidali zituen atzo afari guneetara arratsaldeko 20.00tan, sinatu eta arrazoitu gabeko orri informatibo baten bitartez boluntarioei gaurtik aurrera afariak banatzea debekatzen zitzaiela komunikatzeko. Gainera, orri horren ebazpena gaur goizeko 11:00etan egin da publiko.

Errespetu eta erantzukizun falta handiarekin jokatu du Udal Gobernuak, inork ez baitu KAS aurretik deitu, aurrez aurre gaiari buruz hitz egiteko eta egun batetik bestera 300 pertsona baino gehiago afaririk gabe utziz. Gainera, erakutsitako orrian ez ditu debekuaren arrazoiak azaltzen eta espedientea eskatzeko lana ere gure gain hartu behar izan dugu.

KASetik erantzukizunez jokatzen dugu eta horregatik gaur goizetik goiz Udaletxera etorri gara Alkateari larrialdizko bilera eskatzeko. Zein da ba Alkateak proposatzen duen alternatiba erreala? Donostiako Udalak aurrera eramaten duen Otorduak programa zein aterpetxeetan eta Eguneko Zentroan eskaintzen duen janaria ez da batere nahikoa eta behin eta berriro errepikatzen jarraituko dugu. KASetik gauero ikusten dugu zein den Hiriko kale egoeran bizi direnen errealitate latza eta argi dugu gure ekimena debekatuz gero, Udalak 300 pertsona hauek artatzeko jantoki sozialak jarri behar dituela martxan gaur bertan.

Gaur afaria ematera joatekotan, poliziarengatik gogorki jazartuak izatearen beldur gara, bai eta afaltzera datozenak ekimena defenditzeagatik jasan ditzaketen ondorio fisiko zein legalengatik ere. Guztion segurtasunaren beldur garelako, guk bai erantzukizunnez jokatu eta gaur ez dugu afaririk banatuko, baina ozen oihukatu bai, 300 petsona baino gehiagok ez dutela ahora zer eraman izango gaurtik aurrera.

Lotsagarri iruditzen zaigu bai, lehen Goia alkatearekin eta bai orain ordezkatu duen Jon Insautiren alkateritzarekin ere, ez dela inoiz elkarlaguntzarako inongo disposiziorik erakutsi. Donostiako Udalak ez du kale egoeran dauden pertsonentzako elikadura bermatzeko inolako plan integralik jarri martxan eta gainera orain PPko zinegotzien eskakizunei men egin die eta haiekin batera lerrokatu da, gure ekimen herrikoi, solidario eta boluntarioa hobetzen lagundu beharrean poliziaren jazarpenaren mehatxuarekin erabat debekatuz.

Egoera larri baten aurrean aurkitzen gara. Debekuak ez du pertsonen gosea akabatuko .

Alternatiba erreala exigitzen diogu Udalari orain eta hemen eta gure lan handia aitortu eta errespetatzeko. KASek elikadura eskubidearen alde borrokatzen jarraituko du eta Udalaren jarrera kriminalizatzailearen gainetik elkar zaintzen.

KASen noizbait parte hartu duzuen guztioi, eskola, elkarte, eragile, komertzio, mugimendu sozial eta, oro har, herritar guztioi hurrengo mobilizazio, salaketa kanpaina eta proposatzen ditugun gainerako ekimenekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu.

Oraingoz, jakinarazten dizuegu GAUR, 20:00ETAN, PLAZA BERRIN MOBILIZATZERA DEITZEN DUGULA.

EKARRI ZUEN SUKALDEKO TRESNAK: BURRUNTZALIAK, MANTALAK, TRAPUAK--: NAHI DUZUENA!

Oztopoen gainetik, GORA KAS!

Etiquetas: