Donostiako Metroa: Behargabekoa eta erokeria!

Non: 
Easo Plaza, Donostia
Data: 
Larunbata, Azaroa 21, 2026 - 12:00
Antolatzen du : 
Satorralaia auzo-mugimendua

KARTELA

Satorralaiaren deialdia: Azaroak 21 larunbatean Protesta-kontzentrazioa 12etan Easo Plazan.

Satorralaia auzo-mugimendua.- Azaroak 21 larunbatean, Satorralaiak protesta eta umorea uztartuko dituen elkarretaratzea deitu du, eguerdiko 12etan Easo Plazan, hain zuzen ere egun hortan abian jarriko den Donostiako Metroaren pasantearekiko herritarren desadostasuna adierazteko. Deialdiarekin bat egin dute beste zenbait talde eta erakunde sozialek, hala ELA sindikatuak, BizilagunEkin desazkunde turistikoaren Donostiako plataformak eta Saretxe etxebizitza sindikatuak.

Gogora dezagun Donostiako metroaren aferak polemika sutsua piztu zuela 2009an Eusko Jaurlaritzak --PSOE buru zuela-- egitasmoa abiarazi zuenetik. Garai hartan Gipuzkoako mugikortasun-diputatua zen Arantxa Tapiak proiektua auzitan jartzen zuen, “Donostian hiru metro-geltoki egiteak kostatuko lukeenarekin Donostiari eta beste herri batzuei zerbitzua emango liekeen beste sare bat eraiki daitekeela” esaten zuelarik. 2013an, berriz, proiektua "obra faraonikotzat" jo zuen EAJren gobernuko Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak. Hala ere, EAJ-PSOE gobernu itunaren baitan egitasmoa berriro bultzatu eta obrak hasteko agindua eman zuen Arantxa Tapiak 2017an, metroaren pasantea "Topoaren saihesbide" gisa berrizendatuz eta Donostiarako garraio sistema egokienaren inguruan herritarren partaidetzari bideak irekitzeko eta herri-galdeketa bat egin zedin Satorralaiak 9.000 donostiarren sinaduren babesarekin aurkeztutako eskaera ukatuz.

Geroztik obretan ia hamar urte egin ondoren, proiektuaren balantzea oso negatiboa da:

Baliabide publikoaen xahuketa itzela izan da: eraikuntza-lanen kostua 340 milioi eurotan zenbatu daiteke gaur egun 4’2 km-ko ibilbiderako, proiektuaren informazio-azterlanean aurrikusitako gastua bikoiztuz (172 milioikoa zen hura, BEZa barne). Susana Garcia Chueca sailburuaren arabera, 252 milioi gastatu ziren obretan joan den apirilaren 30era arte, eta kopuru horri Jaurlaritzaren 2026 eta 2027 urteetarako aurrekontuetan sartutako partidetatik gutxi gorabehera beste 28 milioi eta BEZari dagokion %21a ere gehitu behar zaizkio. Bestalde, Mirakontxa-Easo zatian %162ko gainkostua izan dela berretsi dute sailburuak joan den ekainean emandako zifrek, 2017an 53 milioitan esleitu zen zati horren egungo zenbatespena 139 milioikoa bait da (BEZa zenbatu gabe). Gainera, oraindik ere gainkostu gehigarriak agertzen ari dira, hala nola Morlanseko lotunearen obran eman den kostuaren %344ko igoera, hasoerako eraikuntza-proiektuan obra horretarakoaurrikusitako 4'1 milioko gastua 18'2 milioira igo baita.

Metroaren pasantea garraio publikoarentzat apustu okerra dela nabarmendu nahi dugu gainera: izan ere, bidaiariak batez ere autobus-zerbitzuen erabiltzaileen multzotik bereganatuko dituela ohartarazten dute txosten guztiek eta Eusko Jaurlaritzak Dbus eta Lurraldebusen murrizketa garrantzitsuak egitea planteatzen du metroaren Eskari-Azterketan. Asmo hori betetzekotan, autobus-zerbitzuen jaitsierak hainbat auzo eta Donostiatik haratagoko herriak ere kaltetuko ditu, eta tarteko hirigune askotan garraio publikoaren irisgarritasuna galduko da. Azken aldian Ekialdebusen egiten hasi diren murrizketak etorkizunean metroaren ondorioz areagotuko diren arazoen aurrekari bat dira. Aldiz, Donostialdean autoz egunero egiten diren joan-etorrien %1 baino ez luke bereganatuko metroak, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak egindako azterlan batetik ondorioztatzen denez.

Bestalde, metroa Kontxako hondartzaren eta hirigunearen azpian zulatzean gertatu diren arazo larriak kontuan hartuta, azpiegiturak mantentze-kostu oso altuak beharko dituela iragarri daiteke. Halaber, Donostiaren erdiguneraino sartzeko eraiki behar izan den trazadura oso “bortxatua” dela eta, horrek trenen energia-kontsumoa eta ustiapen-kostuak ere izugarri areagotuko ditu. Eskailera mekanikoetatik Erdialdea-Kontxako geltokira jaistea ikaragarria izango da, baina garaiz kanpoko desmasia bat da, hainbeste energia nahiz hormigoi kontsumitzearen jasangarritasun ezagatik besterik ez bada ere. Horrekin batera, aipamen berezia merezi du Pio Barojako Larrialdi-Irteera Galeriaren arriskugarritasunak —500 m luzerako arrapala eta guztira 400 eskailera ditu, 68 metroko desnibela gainditzeko, hots, 24 pisuko dorre baten altueraren parekoa—, tunelean istripu larriren bat edo suteren bat gertatuz gero ondorio tragikoak izan ditzakeena.

Donostian hirigintzaren arloan pairatzen dugun espekulazio jasanezina larriagotuz, metroaren etorrerarekin hiriguneko denda eta lokalen prezioa are gehiago garestitzen ari da. Bistan da udal agintariek bizilagunei begirako hiri bat pentsatzeari utzi eta metroari esker Erdialde/Kontxako “bihotz turistiko eta komertzialera” bisitari eta kontsumitzaile gehiago erakarri nahi duten lobby ekonomikoen interesak lehenesten dituztela. Horren ordainetan, EuskoTrenen Easo Plazako geltoki nagusia betirako galduko dugu.

Hori denagatik, azaroaren 21ean Easo Plazan irriz eta amorruz egingo dugun protestan zure parte-hartzea espero dugu.

Etiquetak: