Emakunde.- Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta gure konpromisoa erakutsi nahi dugu beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde, indarkeria matxistaren prebentzioan eta indarkeria hau pairatzen duten emakumeen artatzean eta erreparazioan.
Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistaren aurrean ez dagoela jarrera neutralik, denok hartzen dugula leku bat haren aurrean. Horregatik, dei egin nahi diegu gizarte hau osatzen dugun pertsona, eragile politiko, sozial eta ekonomiko guztiei jarrera aktiboa eta inplikatua izan dezaten indarkeria matxistaren edozein adierazpenen aurrean. Jaurlaritzak, aldundiek eta EUDELek bultzatutako kanpainan gogorarazi dugun bezala, gutako bakoitzak duen tokiak garrantzia duelako, gure tokiak dena alda dezakeelako.
Azaroaren 25 honetan gogorarazi nahi dugu indarkeria matxista eguneroko keinuetan ere agertzen dela, eta keinu horiek desnaturalizatu eta ikusarazi egin behar direla, eta duten izena eman: emakumeen aurkako indarkeria matxista. Eta, horretarako, gizarte osoaren inplikazioa behar dugu. Ezin gara gertatzen denaren ikusle bezala geratu; aitzitik, indarkeria matxistaren arazoa norberarena dela sentitu behar dugu, eta indarkeria prebenitzen lagun dezakegula edo indarkeria pairatzen duen emakume bati laguntza eta arreta eman diezaiokegula izan behar dugu kontuan.
Azkenik, indarkeria matxistaren biktima guztiei eta haien inguruari gogorarazi nahi diegu, gure babes eta elkartasun guztia dutela, eta Gobernu honek dituen baliabide eta zerbitzu guztiak haien eskura dituztela. Horretarako, SATEVIko telefonoa, 900 840 111, da sistemaren sarrerako ate nagusia eta EKIM ataria zerbitzu guztien informazioa eskaintzen duen webgunea.
Era berean, herritarrak animatu nahi ditugu publikoki gaitzets dezaten indarkeria matxista eta bereziki azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxista Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean.

