Donostiako metroaren pasantea gelditzeko herritarrak mobilizatzeko deialdia

Satorralaia bizilagunen mugimenduak ekintza ugari prestatu ditu martxoan, eta informazio eta salaketa ekimen horien buruan manifestazioa egingo da apirilaren 1ean Donostian,  “METROAREN PASANTEARI EZ!” lemapean. Hori dela eta, gure hiriko talde sozial eta pertsona guztiei deialdia egiten diegu manifestazio honekin bat egiteko eta mobilizazio horren  aurretik martxoan zehar egingo diren ekintzen dinamikan parte hartzeko: Dbus-en ekintza informatiboak egingo ditugu eta Donostiako auzoetan informazioa zabaltzeko astea; halaber, Gasteizera autobusa antolatzen ari gara Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren aurrean Metroaren pasantea geldi dezatela aldarrikatuz kontzentrazioak egiteko.    

Donostiako metro-pasantearen gaia dela eta, hirian desadostasun zabala pizten duen egitamo  horren inguruan erakundeek darabilten erabateko gardentasun-eza eta gizarteak erabakietan  parte-hartzeko duen eskubidea hutsean uzten ari direla salatu nahi dugu lehenik.  Proiektu hau berrabiatu duten azken urtebete baino gehiagoan, herritarren partaidetzarako bideak sistematikoki ixten ari dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta  Donostiako Udala. Eusko Jaurlaritzak ez die erantzunik ere eman egitasmo hori gelditzeko eta partehartze prozesu bat abian jartzeko egindako eskaerei. Donostiako alkate Eneko Goiak, berriz,  gai honetan ezer egiteko aukerarik ez duela esaten du. Eta hori gutxi balitz, Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak espreski ezezkoa eman dio 8.916 donostiarren sinaduren babesarekin herri galdeketa bat egiteko aurkeztu diogun eskaerari.  

Hala eta guztiz ere, egitasmoak hirian piztu duen desadostasun askotarikoaren aurrean Euskal Gobernuak 2016ean obrak hasteko bere saialdian atzera egin behar izan du. Gainera, metroaren obrak burutzeko helburuarekin Kontxako hondartzan jabetza publikoko itsas-lurrak okupatzeko Itsasertzetako Zerbitzuari egin dion eskaerak ez du irailaz geroztik haren baimenik jaso. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian administrazioarekiko auzi-errekurtso bat abian da, joan den abenduaz geroztik, egitasmoan antzematen diren irregulartasunak eta lege-hausteak direla-eta  Ikerketa Informatiboaren onarpena baliogabetzea eskatzen duena (besteak beste, proiektuaren Ingurumen-Inpaktu Deklarazioa iraungirik dagoelako eta egitasmoa trenbideen arloko Lurralde Plan Sektorialaren aurrikuspenekin bat ez datorrelako). Alabaina, metroaren pasanteari eusten dio  EAJk PSOErekin izenpeturiko gobernu hitzarmenak, eta Eusko Jaurlaritzak 2017 urteko Aurrekontuen proiektuan obra hau hasteko 4'7 milioi euroko diru-partida bat sartu duela salatzen dugu, ez egitasmoak lukeen urjentzia edo premiagatik, komenientzia politikoko irizpide hutsengatik baino. Hortaz, egitasmo arranditsu honi bideratu nahi dizkion partidak –aurrekontuetan beste 177 milioi konprometatzen ditu datozen lau urteetarako— jendarteak une honetan dituen benetazko premiei erantzuteko erabil daitezela exijitzen dugu.   

Horrenbestez, uneotan proiektuaren inposaketari aurre egiteko eta atzera botatzeko herritarren mobilizazioa berrindartzea ezinbestekoa dela uste dugu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak berak 2013an “obra faraoniko”tzat jo zuen metroaren pasanteari  EZETZ esateko arrazoiak asko dira:
    -Donostian metro bat eraikitzea ez da beharrezkoa. Hiriak garraio publikoko sare nahiko ona du, desplazamenduak oinez edo biziletaz eroso egin daitezke, eta mugikortasuna hobetzeko badira proposamen eraginkorragoak eta inpaktu sozial nahiz kostu ekonomiko askoz txikiagokoak. Funtsean, Dbus-en autobus linea nagusien eta Topoaren arteko koordinazioa eta osagarritasuna lantzea da gakoa, Topo-Bus aldaketa guneak sortuz: era honetan, EuskoTrenen eta eskualdeko bus zerbitzuen erabiltzaileei hiriko autobusetara aldatzea erraztu eta auzo guztietara nahiz lantokietara garraio publikoaren irisgarritasuna hobetuko litzateke.
    -Aldiz, Donostiako hirian barrena metro igarobide bat eraikitzea garraio publikoarentzat apustu erratua dela erakusten dute txosten guztiek, bidaiari gehienak autobus zerbitzuen erabiltzaileen multzotik bereganatuko lituzkeelako (batipat Dbus litzateke kaltetuena), eta ez ordea ibilgailu pribatua erabiltzen dutenen multzotik. Eusko Jaurlaritzaren azteketek zenbait autobus linea kentzea eta beste hainbaten maiztasunari murrizketa garrantzitsuak egitea aurrikusten dute gainera. Proiektu hori egingo balitz, Dbus-en zerbitzuen jeitsierak hainbat auzo kaltetuko luke, eta halaber, garraio publikoaren irigarritasuna murriztuko litzateke metroak kanpo utziko lituzkeen tarteko ibilbide askotan. Ondorio kaltegarri horiek adineko pertsonek jasango lituzkete batipat. Baldintza hauetan engainu handi bat da “jasangarritasuna”z hitzegitea eta metroaren pasantea “hiritik autoak kentzeko eta kutsadura gutxitzeko” eraiki nahi dela esatea.
    -Metro pasantearen eraikuntza-lanek Erdialdean, Amaran eta Antiguan eragin handia izango lukete, eta 4’17 kilometroko trazaduan obrak kostaldeari ere eragingo lioke, Metroa 300 metroko tarte batean Kontxako hondartzaren azpian sartzen baita. Lurpeko obra erraldoi honek arrisku nabarmenak ditu hiriko hareatza eta ibai-marea lurren gainean zimenduta dauden eraikinentzat, eta lanek iraungo luketen denbora luzean larriak izango litateke hirigunean eragindako afekzioak –San Martin eta Easo kaleak altxatzea aurrikusten da, kasu.
    -Azkenik, Metroaren pasantearekin sustatzen den hiri-eredua dago auzitan, egitasmoak Topoaren egungo ibilbidea erabat aldatu eta Easo Plazako EuskoTrenen geltoki nagusia kentzearekin batera, Edialde/Kontxako “bihotz turistiko eta kometzialera” nabarmenki garraio mugimendu handiagoak eragingo lituzkeen diseinu eta eredu zentrazalizatzaile berri bat ezartzen duelako. Honi dagokionean, pasantearen ibilbide zentzugabeak –zeinak hiria eta Kontxako hondartza arku baten modura zeharkatzen dituen, trazadua kosta ahala kosta “hiri erdiraino” eramatearren—metroaren bultzatzaileek merkantzilizazio eta espekulazio prozesu larriak nozitzen dituen hiri honetan dituzten interes ekonomikoak zein ezpalekoak diren ondo irudikatzen du.

Arrazoi hauek eta beste askorengatik, metroaren pasantea gelditzeko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan herritarrek debatitzeko eta azken batean erabakitzeko aukera izan dezaten eskatzen dugu.

MANIFESTAZIOAREN aurretiko ekintzak eta atxikimendu bilketa:
Donostiako talde sozial eta pertsona guztiei manifestazioaren deialdiarekin bat egiteko eskatzen diegu (atxikimenduak honako helbidera bidali behar dira: satorralaia@gmail.com), baita mobilizazio honen aurretik egingo diren ekintzetan partehartzeko animatu ere:
    >Martxoak 4-15, Dbus-en  ekintza informatiboak: Garraio publikoaren erabiltzaileei metroaren pasantearen proiektuak autobus zerbitzuetan aurriskuten dituen murrizketei buruz informatzea da helburua. Ekimen honi amaiera emateko, martxoaren 15ean Dbus-eko langileen “KURPIL” elkartearen hitzaldi informatiboa egingo da, Lugaritzeko kultur etxean, 7etan.
    >Martxoak 16, Gasteizera autobusa: Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren atarietan  kontzentrazioak egingo dira  metroaren pasantea gelditzea eskatzeko. Autobusa goizeko 9etan abiatuko da Pio XII plazatik (ohiko autobus geltokitik) eta itzulera Donostiara eguerdiko 14’00etan iristeko egingo du.  Autobusa antolatzeko izena ematea eskatzen da (satorralaia@gmail.com helbidera idatziz).
    >Martxoak 21-25, Auzoetan informazio banaketa astea: Laguntza eskatzen dugu informazio orriak auzo guztietan zabaltzeko. Halaber, erakusketa informatibo bat prest edukitzea espero dugu, auzoz-auzo mugitzeko.
    >Apirilak 1 Larunbata, Manifestazioa: “METROAREN PASANTEARI EZ!” lemapean, eguerdiko 12etan Easo Plazatik abiatuta.

Bukatzeko, martxoak 13 astelehean bizilagunen batzarra egingo dela jakinarazten dugu, ekimen hauetan ahalik eta partehartze zabalena biltzeko. Bilera hori arratsaldeko 7etan egingo da Amarako Eskoletan (sarrera Larramendi kaletik).

Zuen partehartzea espero dugu beraz, baita zuek informatu eta animatuko dituzuen lagunena ere.

Donostian Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: