Manifiesto de la V. Asamblea de Mujeres del Movimiento de Pensionistas de Euskal Herria

EHPMko Emakumeen V. Asanblea

EHPMko Emakumeen Batzarra.- Gaur, 2025eko azaroaren 21ean, Gasteizko Salburua Gizarte Etxean elkartu gara Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko (EHPM) Emakumeen V. Asanbladan. Bertan, hiru gai nagusi eztabaidatu ditugu: adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista, EAJk eta PSEk atzera bota duten Herri Ekimen Legegilea (HEL) eta Zaintzaren gala.

Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista funtsean rol tradizionalekin lotuta dago: esaterako, emazte eta ama izateak dakartzan menpekotasun ekonomiko eta emozionala, osasun arazoak edota zaintza-betebeharrak. Indarkeria hori askotan bikotekideen arteko harremanetan jasaten da urteetan zehar eta zahartzaroan kronifikatu egiten da, normalean indarkeria psikologiko eta kontrol ekonomiko moduan agertuz, Horrek indarkeria mota hori ikusezina bihurtzen du. Hori dela eta, erakundeei eskatzen degu errealitate hau kontuan har dezatela, bai prebentzioan eta bai baliabideak diseinatzerako orduan.

Aztertutako bigarren gaia izan da EAJren eta PSEren ezezkoa, pentsio txikienak lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) parean jartzeko HEL tramitatzeari. Ezezko horren ondorio zuzena da EAEn 66.000 emakume pentsiodunek pentsio duinik gabe jarraituko dutela, gaur egungo LGSaren 1.184 eurotik beherako diru-sarrerarekin. Horrek, lehen aipatu bezala, menpekotasun ekonomikoa areagotzen du eta bikotekidearen indarkeria matxista jasateko arrisku handiagoa dakar, Gogor salatu nahi dugu EAJren eta PSEren erabakia emakumeon bizitza duinaren eskubidea urratzen duelako eta pentsioetan genero-arrakala mantentzen duelako. Nafarroan, aldiz, gutxieneko pentsioak 1.100 eurora hobetu dira -baldintza eta muga batzuen arabera-, eta EAEn ere lortuko dugu, beharrezkoa eta posiblea baita.

Horregatik, emakume pentsiodunok mobilizazio berezia egingo dugu Bilbon, datorren abenduaren 2an, asteartea, miseriazko pentsioek erosketarako poltsak hutsik uzten dituztelako. Egun horretan, Erriberako merkatuan, 11:00etan elkartuko gara giza kate bat osatzeko, eta ondoren, PNV eta PSEren egoitzetara abiatuko gara manifestazioan.

Azkenik, zaintzen gaia ere jorratu dugu, oso gal larritzat eta kezkagarritzat jotzen duguna, Udaberrian zaintzen inguruko jardunaldi bat egingo da, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak antolatuta, sindikatu eta gizarte-eragileekin batera. EHPM ere partaide izango da, duela bi urte Greba Feminista Orokorra bultzatzeko egin genuen bezala. Hausnarketarako eta erabakitzeko jardunaldi bat izango da, zaintza publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatu nahi duen sistema baterantz aurrera egiteko, eta emakume pentsiodunok eta EHPMk bertan aktiboki parte hartuko dugu.

Gutxieneko diru-sarrera izatea, indarkeria matxistarik gabe bizitzea eta zaintza duinaren eskubidea errealitate bihurtzea hiru zutabe dira bizitza duina izateko. Borroka horretan jarraituko dugu emakume pentsiodunok.

Amaitzeko, emakume zein gizon pentsiodunei dei egin nahi diegu parte har dezaten datorren asteartean, azaroaren 25ean, Hego Euskal Herriko herri eta hirietan egingo diren mobilizazioetan, ozen oihukatuz: EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIARIK EZ!! EZ GAZTEEI, EZ HELDUEI!!!

GUTXIENEKO PENTSIOAK = LANBIDE ARTEKO GUTXIENEKO SOLDATA

EMAKUME PENTSIODUNAK, AURRERA!

Etiquetas: