Euskararen Nazioarteko Eguna 2012 Irunen

argazkiaHemen bildutako eragileok euskarak gure herrian duen presentzia urriaz kezkaturik, eta beronen normalkuntza prozesuan eragiteko asmoz, duela hilabete batzuk biltzen hasi ginen. Hala, hastapen hartan,  Antxeta Irratia, Betti-Gotti euskara taldea, EKT euskal kultur taldea, Irunabar Bertsolarien Elkartea, Irun Iruten euskara taldea eta Irungo AEK euskaltegiko kideok  hasi ginen batzen.

Ezbairik gabe, asko dira sortu berri den talde honen helburuak, baina lanean nonbaitetik hasi behar, eta Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, hainbat kultur ekitaldiz osatutako astea antolatzeari ekitea erabaki genuen. Horrela bada, beste eragile batzuekin harremanetan jarrita, Irungo Udala batu zitzaigun egitasmo honetara, baita geroago, Irungo Atsegiña, Motor Elkatea eta Luma ere.

Udalaren aldetik, esan behar dut guretzat ere oso pozgarria dela Euskaren Eguna ospatzeko antolatutako egitasmoa aurkeztea. Eta pozgarria da, benetan, aurten hiriko hainbat elkarterekin elkarlanean aritu garelako, guztiok hainbeste maite dugun hizkuntzaren alde egiteko.

Egungo egoera ekonomikoa zaila bada ere, Euskara Arloaz gain, asko dira proiektu honetan ilusioa jarri eta lana egin dutenak: udalaren beste arlo batzuk (kultura, kirolak, liburutegia, musika eskola) eta horietaz gain, Mendibil merkataritza gunea. Honela, lortu dugu hainbat egitasmo antolatzea, irundar guztiak euskaraz elkarrekin disfrutatzeko, gure hirian euskarari behar duen lekuari beste bultzada bat emateko.

Beste pausu bat, beraz, emana dago eta espero dezagun horretan jarraitzea, bidea luzea da, baina hasiak gara ibiltzen...

Jakitun gara, asteburu bateko lana baino askoz ere gehiago behar dugula Irunen, euskaraz normaltasun osoz biziko bagara. Zalantzarik gabe, eguneroko erabilera da erdietsi nahi duguna: edonon, edonoiz eta edonorekin aritu nahi dugu euskaraz; hitz batean, euskaraz bizi nahi dugu geure herrian. Egun soil batzuekin askorik lortuko ez dugula presente dugun arren, besterik ez bada ere, balio beza eratutako programak kontzientziak astintzeko. Eta Xamarrek dioen bezala, kontzientziatik koherentziara iragateko abiapuntu izan daitezela ekintzok.

Hori guztia esanda, antolatutakoen berri emango dizuegu segidan:

Gaur,azaroaren 24an,

  • 09:30ean hasita, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen 6. lehiaketa egingo da Ola sagardotegian, Lumak antolatuta.

Abenduaren 1ean,larunbatarekin,

  • goizeko 08:30ean EKT-tik abiatuta, Mendi Ibilaldi Neurtua egingo dugu. Ondoren, hamarretakoa egingo da EKTn bertan.
  • 10:00etan, halaber, Irungo Atsegiñan Haurrentzako Margo lehiaketa izango da. Sariketa ordu batean egingo da.
  • 11:00etan AEKrobika izango da Zabaltza plazan.
  • 12:30ean trikipoteoa egingo dugu San Juan eta Urdanibia plazatik txaranga batek lagunduta.
  • 14:00etan EKTn herri bazkaria izango dugu. Bazkariaren ondorenean, 5etatik aurrera, TRIKISOUND taldearen eskutik dantzatzeko eta kantatzeko aukera izango dugu.
  • 19:00etan, txaranga batek lagunduta, Irungo kaleetan barrena ibiliko gara.

Abenduaren 2an,igandea,

  • 11:00etan Kemenen dantza saioa izango da Uranzu frontoian.
  • Egun horretan bertan, arratsaldeko 5etan , haurrentzako antzezlana izango da ikusgai Amaia Kultur zentroan.
  • Arratsaldeko 18:00etan Irungo Musika eskolan bertako trikitilari taldea arituko da.
  • Ondoren, 18:30ean, toki berean, bertso saioa izango dugu gozagarri Jon Maia, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Manu Goiogana eta Iñigo Ugarteren eskutik. Sarrera doan izango da.

Azken egunean, abenduaren 3an, 

  • goizeko 10:30ean nahiz arratsaldeko 5etan mintzodromoa izango dugu Mendibil zentro komertzialean.
  • Era berean, 17:30etan Udal liburutegian haurrentzako ipuin kontalari bat arituko da. 

Jakinarazi nahi dizuegu bai mendi ibilaldirako eta bai bazkarirako, aldez aurretik erosi behar direla txartelak. Ostegun arratsaldetan EKTn, edo astelehenetik ostegunera, goizez edo arratsaldez, AEKn eskura ditzakezue azaroaren 28a baino lehen.

Halaber, Mintzodromoan parte hartzeko ere izena eman behar da azaroaren 29a baino lehen. Izen-ematea honako tokietan egin daiteke: Irungo hiru euskaltegietan, Euskara Arloan, www.irun.org/euskara edo telefono honetara deituta, 943 50 52 72

Honenbestez, eta bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu hilabeteotan era batera edo bestera lanean aritu zareten guztioi, eta nola ez, datozen egunetan lanean aritu eta parte hartuko duzuen irundar guztioi ere. Nola Irunek hala irundarrok merezi dugulako, dei egiten dizuegu hurbil zaitezten. Goza dezagun euskaraz elkarrekin!

 argazkia

 

Etiquetas: