Txingudi Antisexistako komunikatua eraso berria salatuz

Concnetración de Txingudi AntisexistaEmakume batek jasandako eraso berri batek elkartu gaitu gaur hemen. Joan den igandean, bere bikotearekin kotxez zihoanean, eta liskar ikaragarri baten ondoren, gizonak autoa hemendik hurbil dagoen biribilgunearen erdian gelditu, eta emakumeari jaisteko agindua eman zion. Matxismoa zela eta hain itsututa zegoen, non ez baizion axola bere bikotearen bizia arriskuan jartzeak. Ez zen konturatu Ertzaintza etxea metro gutxi batzuetara zegoela. Ertzaintzak dena ikusi zuen, eta handik gutxira gizona atxilotu zuten.

Horrelako istorioak egunero errepikatzen dira edonon, guk askotan imajina dezakegun baino gertuago. Indarkeria matxista, egun, gure jendarteko arazo larrienetariko bat da. Maila sozial, adin, arraza edota etnien zeharkakoa da. Milaka emakume bizi dira beren etxeetan ikaraturik eta ehunka dira hiriko gune ilunen batean erasoturik sentitu direnak.

Ezin ditugu era honetako erasoak bere horretan utzi eta normaltzat hartu. Denen artean erantzuten jarraitu behar dugu. Instituzioei indarkeria matxistaren aurkako neurriak hartzeko eskatu behar diegu, eta biztanleriaren erdiak sufritzen dugun arazoaren aurrean jendartea kontzientziatu. Prebentzioaren alorrean lan egin behar dugu.

Horregatik sortu zen TAS, eraso hauen aurrean erantzun herritarra eta kolektiboa pizteko, eta hemen gaude, adostutako protokolo hori berriro martxan jartzen, guk nahi baino maizago kalera atera behar dugun arren.
Geroz eta gehiago gara berdintasunaren aldeko bide honetan; horregatik, herritar guztiei dei egin nahi diegu erantzun kolektibo honen parte izan daitezen.

ERANTZUNIK GABEKO ERASORIK EZ!!

Etiquetas: