IRPH STOP GIPUZKOA.- PNV=PSE=PP troikak gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusitako Osoko Bilkuran IRPH Entidades indizea bertan behera utzi eta IRPH guztiekin entitate guztiek kaltetu guztioi lapurtu diguten guztia itzultzearen aurka bozkatu du.
Aretoan ginen kaltetuenganako euren sentsibilitatearen neurri garbia da erakutsi duten kezka bakarra: gu saioa grabatzen ari ote ginen.
EPAI-ZAPARRADAREN ERDIAN BATZAR NAGUSIEK IRPHaren KALTEA JASAN DUTEN FAMILIEKIN JUSTIZIA EGITEA BAZTERTU EGIN DUTE DAGOENEKO. HIRU DIRA IRPHa BALIOGABETU ETA KUTXABANK ZIGORTU DUTEN EPAIAK. LAISTER 33 IZANGO DIRA
Gipuzkoako Batzar Nagusiek EH Bilduren ebazpen proposamen bat eztabaidatu dute gaur, non entitate finantzario guztiei eta bereziki Kutxabanki eskatzen zitzaien IRPHa aplikatzeari utzi eta Euribor+1 indizearekin ordezkatzeko, atzerako eraginez. Proposamena PNV, PSE eta PPren botoekin baztertua izan da.
Eztabaida IRPHa baliogabetu duen hirugarren epaia ezagutu eta hurrengo egunean iritsi da. Hirugarren epai honek ere IRPHa baliogabetzeaz gain Kutxabank zigortu du indize honen arabera bidegabe kobraturiko interes guztiak itzultzera.
Gainera, datorren astelehenean, hilak 10, IRPH Stop Gipuzkoa elkarteko kideek jarritako 30 salaketei dagozkien aurretiko bistak ospatuko dira, eta beraz laster 33 izango dira IRPHa baliogabetzen duten epaiak.
Elkarte honek PNV, PSE eta PPren jarrera baztertzen du. Jakin nahiko genuke zenbat epai beharko diren IRPHak kaltetutako familia guztiekin justizia egin dadin. Ez da bidezkoa egoera berdinean dauden dozenaka milaka familiek epaitegietara jo beharra izatea lapurtu zaiena itzultzea lortzeko, eta horixe da PNV, PSE eta PP-k babesten dutena Batzar Nagusitan eta Kutxabanken aginte organoetan duten jarrerarekin.
Gaur egun IRPH Cajas indizeari loturiko Kutxabanken hipoteka guztietan kontratuak egintzen duen Euribor+1 ordezko indizea aplikatzen da. Kutxak ordezkatze hau legediak utzi dion guztia atzeratu du, horretarako erakunde publikoetatik jaso dituen deiei muzin egin behar izan badie ere. Gasteizko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Kutxaren sortzaile diren Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udaletik jaso zituen dei hauek, besteak beste. Edozein modutan, kaltetuek, eta baita justiziak ere, uste dute IRPHa aplikatzea abusuzkoa izan dela maileguaren hasiera unetik beretik, eta ondorioz interesak itzultzea dela bidezkoa.
IRPH Entidades delako indizeari dagokionez, indarrean jarraitzen du nahiz eta hau ere abusuzkoa izan, eta Kutxabankek aplikatu egiten du, batez ere babes ofizialeko etxebizitzen maileguetan.
PNV, PSE eta PPren botoekin baztertua izan den EH Bilduren ebazpen proposamena oso egokia zen, IRPH guztiak (IRPH Entidades delakoa barne) bertan behera utzi eta entitate finantzari guztiek IRPH aldaera guztiekin kaltetu guztiei kobraturiko interes guztiak itzultzeko eskatzen baitzuen.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1660 irakurketak
- Castellano