Animalien erabilpenik gabeko festen aldeko kanpainaren amaiera

Askekintza Liberacción Animalista.- 2014ko udaran, lehen aldiz, Askekintza Animalistatik FESTAK OSPATU ANIMALIAK ASKATU izeneko Gipuzkoa mailako kanpaina burutu dugu. Gure helburua herritarrak Animalien Eskubideak errespetatzen dituzten festa eredu baten beharraz  kontzientzia izan da. Ekaina, uztaila eta abuztua bitartean Gipuzkoako jai nagusietan izan gara, kontzentrazio eta informazio banaketak egiten. Kanpainak oso harrera ona izan du eta jende asko kontzientziatu ahal izan dugu. Honez gain, kanpainaren ondoren udaletxe ezberdinekin bilerak egingo ditugu beraien festa politikan aldaketa bat proposatzeko.

Kanpaina hau behar larri batengatik sortu zen. Euskal Herrian festa andana daude animaliak erabili eta, ondorioz, aske eta sufrimendurik gabe bizitzeko hauen eskubideak urratzen dituztenak: bigantxak, asto karrera, sokamuturra, oilasko jokoa, idi- dema, zaldi- dema, ahari- dema, antzarren jokoa, animalien erakusketak e.a. Gainera, garrantzitsua da azpimarratzea sufrimendu fisikoa baina larriagoa izan daitekeela psikologikoa: soinu edo mugimenduen bidez izutzea, familiatik banantzea eta urruntzea, kolpeak edo tiraldiak jasotzea edo leku ezezagun batean edo giltzaperatua egotea, besteak beste. Horiek izan dira gure protestak aurrera eramateko arrazoiak.

FESTAK OSPATU ANIMALIAK ASKATU kanpaina zerbait originala eta beharrezkoa da, esan bezala. Biktima gehiegi egon dira, daude eta izango dira. Erandion duela gutxi hil diren bi idiak, dopajeagatik bihotzekoak emanda, tragedia honen adibideak dira. Baina zenbat milaka animalia hil dira esklabotzan, guk inposatutako funtzioa betetzeko ezgai bihurtu direnean? Guk gustora asko erosten dugun haragia, arraina, larrua, esperimentatutako produktuak eta emanaldiak saltzen dizkigun animalien esplotazio industriari galdetu behar diogu hori.

Festen gaira itzuliz, tradizioa da etengabe erabiltzen duten argumentua. Baina ez gara nekatuko erantzuteaz: tradizio onak mantendu behar dira, baina gizarte bezala aurreratzea oztopatzen digutenak, horiek, historia liburuetan giltzapetu behar ditugu betiko. Animaliak ondo pasatzeko erabiltzea, beraien eskubideak urratuz eta sufrimendu handia sortuz, zer eta gu dibertitzeko, alferrikakoa, injustua eta onartezina da.

Mundua ez da justua, diote batzuk. Kausa garrantzitsuagoak daude, diote beste batzuk. Guk zera erantzuten diegu: munduan milaka kausa daude borrokatzeko. Pertsona gutxi batzuk ezin diegu guztiei lagundu, baina denok lagundu dezakegu norbait. Animaliarik gabeko festengatik!

Etiquetas: