Azaroaren 25eko testuinguruan Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformaren manifestua

Emakumeon kontrako indarkeriak ez du etenik, oraindik ere, esparru eta era anitzean emandako milaka eraso jasaten baititugu emakumeok. Baina egun bizi dugun krisi ekonomiko soziala ezaugarritzen duen prekarietateak; langileena, zerbitzuena, balioena, e.a. arduratzen gaitu. Krisi honen eraginez, langileok bizi dugun prekarietatea hazten doa eta zer esanik ez emakumeona. Baliabide ekonomiko urritasunak, instituzioetatik bideratutako zerbitzu eta laguntzen murrizketak, etxeko ekonomian izandako aldaketak, eta hainbat faktorek gehiagok; emakumeen kontrako indarkeriaren hazkuntza dakar. Horrez gain, enplegu postuetan prekarietatearen eraginez, sortutako presioen, indibidualismoaren zein konpetentzien ondorioz, lan jazarpenek ere gora egin lezakete. Egoera benetan da larria, eta indarkeria egiturazkoa den heinean, egiturazko erantzunak ezinbestekoak dira.

Beraz, indarkeriak, Euskal Herrian eta mundu osoan zehar benetan arazo larria izaten jarraitzen duela esan behar dugu. Hedabideek egunero dituzte eraso ugari aipagai, nahiz eta eraso guztiek ez duten onarpen eta lanketa berdina jasotzen. 2014an zoritxarrez Euskal Herrian dagoeneko 3 dira indarkeria patriarkalaren ondorioz eraildako emakumeak. Eta ez dira gutxi izan eskualdean gertatuko eraso sexistak salatzeko Txingudi Anti Sexistak aurten antolatutako elkarretaratzeak. Irailetik honat bi izan dira Hondarribian egin ditugun kontzentrazioak.

Indarkeria sexista egiturazko arazo bat den heinean, hierarkian oinarritutako botere harremanak sortzen ditu izan emakume, haur edo beste edonor. Kasu honetan ere, instituzioak izandako jarrera salagarria dela deritzogu eta egun indarrean dauden legeak eta neurriak indarkeria patriarkalarekin amaitzeko nahikoak ez direla gogoratu nahi genuke.

Nazkatuak gaude indarkeria kasuak jazoera isolatu bezala tratatzeaz, nazkatuak gaude gure askatasuna mugatzen duten jarrerak egunero jasan beharraz, nazkatuak gaude instituzioek biktima soilak bagina bezala tratatzeaz, nazkatuak gaude agintariek dituzten erantzukizun politikoak ez betetzeaz, nazkatuak gaude komunikabideek indarkeria morboa bultzatzeko erabiltzeaz…
Nazkatuak gaude eta horregatik Txingudi Anti Sexista osatzen dugun mota guztietako 22 eragilek eraso bat geratzen den bakoitzean mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa berresteaz gainera, datorren asteartean, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean, kalera ateratzeko deia egin nahi diogu Irungo jendarteari. Arratsaldeko 19.30tan eta Zabaltza plazan izango da TASen hitzordua.

Era berean asteartean bertan publiko egingo dugun ekimenarekin osatuko dugu TASek aurtengo hitzordurako prestatu duen egitaraua. Indarkeri matxistari borroka eremu desberdinetatik aurre egin behar zaiola argi dakigu eta.

TAS: Adiskidetuak, ELA, AEK irakasleak, 15M, Auzo elkarteen Oiaso federazioa, Askapena, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, CCOO, Emeki, Asociación Republicana, Flamenco del Norte, Gaurko Andreak, Bilgune Femista, LAB, Lakaxita Gaztetxea, Tadamun, Lilis, Antifaxistak, Aukera, Antxeta Irratia/ Pausumedia, Ernai eta Duintasuna.

Etiquetas: