Greziako herriarekin elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zen atzo Hondarribian

troikaez.jpgGreziako herriarekin elkartasuna adierazteko berrogeita hamarren bat lagun bildu ziren atzo arratsaldean Hondarribiko EH Bilduk deitutako elkarretaratzean.

Amaieran irakurritako adierazpenean azaldu zutenez, elkarretaratzearen helburua ez zen soilik herri batekiko elkartasuna adieraztea edo inposatutako itun ekonomiko injustu bat salatzea, jokoan dagoena herri baten duintasuna dela eta duintasunak muga geografikorik ezagutzen ez zuela aldarrikatzea izan zen baita ere.

Bide beretik adierazi zuten guzti honen atzean dagoen arazoa ez dela arazoa ekonomiko hutsa eta Troikaren helburua ez dela Greziak duen zorra kitatzea, herriei beraien arauak inposatzea baizik.

Troikak, “inork aukeratu gabeko erakunde multzo aseezin horrek”, neoliberalismotik kanpo etorkizunik ez dagoela sinestarazi nahi digula salatu zuten eta “gure bizitzak rentabilitate ekonomikoaren paradigmatik antolatu” nahi dituela; baina Europa, mundua, bizitza, Excel orri batean kabitzen ez dela, eta irabazi ekonomikoak baino askoz gehiago garela aldarrikatu zuten, kapitalismoak saldu nahi digun hazkunde iraunkor hori “gezur hutsa” dela gehituz.

Azkenik, heziketa, osasuna, jende guztiarentzako erretiro duin eta aukera berak eskeintzen ez dituen sistemak ezertarako balio ez digula adierazi zuten. Inposatu nahi zaigunari ezetz esaten ikasi eta eredu etiko, justu eta duin bat lortzeko bidean jendea aktibatu beharra dagoela nabarmendu zuten; hau, finean, denon ardura delako eta bestela asko baitugulako galtzeko.

Bide bakarra elkartasuna dela nabarmenuz amaitu zen ekitaldia.

(Argazkia: TxabiB)

Etiquetas: