Metroa gelditzeko manifestazioa abenduaren 12an Donostian

Metroa gelditzeko Donostiako “satorralaiak” bizilagunen eta elkarteen batzarrak hiriko auzo guztietan buzoneo informatiboa egin du eta abenduaren 12an manifestaziorako deialdia zabaldu du. Bizilagunen mugimendu honek Metroaren igarobideraen proiektua gelditzeko galdegiten du, hiri ereduari buruz eta Donostialdearako garraio publikoaren inguruan irtenbiderik onena izan daitekeenari buruz eztabaida eta erabaki prozesu parte hartzaile bat irekitzeko.

Asteburu honetan 130 lagun baino gehiagok parte hartu du hiri osoan egindako buzoneo informatiboan. “Donostiako Metroaren Berriak” izenburuko periodiko orria udalerriko 85.000 etxebizitzetako postontzietan buzoneatu da, Donostiako etxebizitza guztietara egitasmo honekiko ikuspegi kritikoa helarazteko asmoz. Ekimen honen bidez, proiektuaren bultzatzaileek kaleratu ohi dituzten albiste propagantistikoetan ezkutatu ohi den informazioa zabaldu dugu, hiritar guztiei Metroaren egitasmoa ezbaian jartzen duten hainbat galdera eta arrazoien berri emanez  

Metroaren gaia dela eta, Eusko Jaurlaritzak, Diputazioak eta Udaletxeak agertzen duten itxikeria berriro salatzen dugu, egitasmo honek ilunkeria eta sekretismo kezkagarriarekin aurrera segitzen baitu. Hala, hirian Metroa eraikitzeko behin-betiko proiektuen idazketa esleitu berri du Eusko Jaurlaitzak, herritarrek egindako alegazioei erantzunik ere eman ez dien bitartean. Beraz, hiritarren iritziak eta proposamenak mesprezatzen dituzten halako ihardunbide prepotenteak alde batera uzteko eskatzen diegu.

Gure ustez, Metroaren afera hirian eta auzoetan zabal eztabaidatu behar da. Hortarako hainbat asanblada informatibo egin ditugu auzo ezberdinetan, eta herritar askoren iritzia argia dela esan dezakegu funtsezko gai batzuren inguruan:
- Donostian Metro bat eraikitzea zentzugabekeria da, hiriaren tamainagatik eta eskaera sozialagatik justifika ezin datekeena.

-  Metroak Dbus-en zerbitzuetan izango lukeen eragina kezkagarria da, hainbat autobus linearen eta zerbitzuren galera ekarriko lukeelako seguruenik. Aldiz, autoen trafikoa ez luke hirian gutxituko.

- Metroa eraikitzeak hiriko Erdialdetik Amararaino hedatzen diren eraikinetan sortuko dituen arriskuak nabarmenak eta larriak dira, jakina baita hiriaren zorupeak dituen baldintza fisikoak arras desegokiak direla horrelako azpiegitura-lan handi bat egiteko.

- Egitasmo honek dakarren baliabide publikoen xahuketa kritikatzen da, Metroaren eraikuntza eta mantenimendu kostuak oso altuak baitira.  Zeharo salagarria da geltoki bakoitzean eguneko 40.000 bidaiariren joan-etorriak emango direla esanez zabaldu duten gezur potoloa.

- Metroarekin sustatzen den hiri eredua auzitan jartzen da, Erdialde/Kontxa inguruan zentralizaturiko hiriaren ikuspegia indartzen duelako bere ibilbidearekin, hain zuzen ere hiriaren “bihotz turistikoaren garapen komertzial indartsuei euskarria” emateko.

- Badira egungo garraio publikoko sare osoaren aprobetxamenduan oinarrituriko alternatiba proposamen logikoagoak eta orekatuagoak: funtsean, Topoaren eta hiriko autobus linea nagusien arteko osagarritasun eraginkorra bilatu behar da, garraio publikoko bi sistemen artean aldatzeko puntuak sortuz. Era honetan, tren-bus aldaketa erraztuz, autobus eta Eusko Tren lineen erabilera emendatuko litzateke, garraio publikoan guztira egin daitezkeen ibilbideen kopurua handitu, eta gaur egun autoa erabiltzen duten bidaiariak erakarri.

Hori denagatik, bizilagunen mugimendu honek eztabaida zabala irekitzearen eta mobilizatzearen alde egiten du Metroaren egitasmoa gelditzeko. Helburu hori aurrean, ekintza informatiboak egiten jarraituko dugu eta abenduaren 12an egingo den manifestazioan ahalik eta herritar gehienak biltzeko dei egiten dugu, eguerdiko 12:00etan Easo Plazatik abiatuta, “Beharrezkoa ez delako, Metroari ez!” lemapean.

Bukatzeko, Donostiako talde sozial eta elkarte guztiei manifestazio deialdiarekiko atxikimendua adierazteko eskatzen diegu, Donostiarentzat nahi dugun hiri eta garraio ereduari buruz eztabaida publikoa sustatze aldera, Metroaren proiektua gelditzeko aldarrikapenarekin bat eginez.

Zuen partehartzea espero dugu beraz, baita zuek informatu eta animatuko dituzuen lagunena ere. Manifestazioaren kartela eta buzoneaturiko periodiko-orria bidaltzen dizkizuegu (ikus artxikitako artxiboak). Gure webgunea bisitatu dezakezue (satorralaia.wordpress.com), eta bertan informazio zabala aurkituko duzue, eta harremanetan jartzeko helbide hau: e-posta: satorralaia@gmail.com.  Tw@satorralaia

Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarra

Etiquetas: